"Pandemiak balio izan dio jendeari herrian bertan erosteak daukan garrantziaz konturatzeko"

Aitziber Arzallus 2021ko ots. 8a, 09:00
Maina Arzalluz eta Joakin Egiguren. (Aitziber Arzallus)

Maina Arzalluz eta Joakin Egiguren merkatariak dira. Arzalluzek mertzeria du herrian, eta Egigurenek, kirol denda. Koronabirusa iritsi berritan, bi hilabetez negozioak itxita izan zituzten; baina, harrezkero, lanean ari dira. Pandemiak herriko merkataritzan nola eragin duen azaldu diote Maxixatzeni. 

Ia urtebete da pandemia egoeran gaudela. Iazko otsailetik hona zertan aldatu zaizue egoera?

Joakin Egiguren: Osasuna babesteko neurriak hartu behar izan ditugu –sarreran eskuak gel hidroalkoholikoz garbitzeko eskatzen diegu bezeroei, edukiera mugatuta daukagu, distantziak gordetzeaz arduratzen gara eta maskara jantzita izaten dugu uneoro–, eta horrez gain, markaren batzuen showroomak ikusteko arazoak izan ditugu, ez dituztelako egin edo mugikortasuna mugatuta zegoenez joaterik ez dugulako izan. Baina, gainontzean, dendako egunerokoari dagokionean, gauzak ez zaizkigu gehiegi aldatu.

Maina Arzalluz: Okerrena ziurgabetasuna da, ez dakigula egoera zenbat luzatuko den eta aldian-aldian zer neurri ezar ditzaketen. Bestela, joan den urtean bi hilabetez dendak itxita izan genituen, baina, harrezkero, lan egiteko aukera izan dugu.

Bi hilabeteko itxialdi haren ostean, jendea erraz itzuli al zen dendetara?

J.E.: Neurriak berriak ziren guztiontzat, baina bezeroen artean ez dut nabaritu dendara sartzeko beldurrik; lasai etorri dira.

M.A.: Gainera, bezeroak erraz ohitu dira neurrietara; bete beharrekoak txukun betetzen dituzte. 

Itxialdian Internet bidezko salmentak asko ugaritu ziren. Itxialdia eta gero ohitura horri eutsi al dio jendeak?

J.E.: Ireki genuenetik ez dut antzeman horrelakorik. Lehengo bezeroek dendara etortzen jarraitu dute, eta esango nuke lehen baino jende gehixeago ere etortzen dela orain, aisialdirako eta bidaiatzeko aukerarik ia ez dagoenez, jende askok kirolari eman diolako. 

M.A.: Nik mertzeria daukat, eta joera bera izan da: lehengo bezeroek etortzen jarraitu dute, eta berriren batzuk ere hasi dira etortzen. Kirolerako produktuekin gertatu den bezala, mertzerian saltzen ditugun zenbait produkturen salmentak ere igo egin dira. Adibidez, aurtengo neguan sekula baino pixama eta bata gehiago saldu ditugu. Aldiz, bainujantziak eta beste produktu batzuk ez dira horren ondo saldu. Interneteko salmentei dagokionean, berriz, egia da denda txikioi ez digutela batere mesederik egiten; baina, momentuan, ezin gaitezke kexatu. 

Beraz, ez daukazue esaterik pandemiagatik salmentetan sekulako jaitsiera izan duzuenik…

J.E.: Ez, eta gainera uste dut pandemiak balio izan diola jendeari herrian bertan erosteak daukan garrantziaz konturatzeko, herriko ekonomia mugitzea herritar guztion onerako dela jabetzeko. Dena horren beltz ikusteak norberekoitasuna albo batera utzi eta elkarri laguntzeko espiritua indartu duela esango nuke. 

Zuen kasuak aparte utzita, herriko beste merkatariek ere gauza bera al diote?

M.A.: Ziur ez dakit zein izango den besteen egoera, baina agian arropa dendak-eta gehiago sufritzen ariko dira. Sekula baino gutxiago gabiltz kalean eta litekeena da azken hilabeteetan jendeak arropa gutxiago erosi izana.

Zuentzat, berez, Gabonak izaten dira urteko garairik indartsuenetakoa. Beste urteetakoekin alderatuta, zer moduz joan dira?

M.A.: Dendariontzat Gabonak ez dira lehen zirena; azken urteetan gainbehera joan dira eta ez dut uste lehengora inoiz bueltatuko direnik. Ondo saldu dut, baina ez aurreko urteetan baino gehiago.

J.E.: Nik ondo lan egin dut Gabonetan, aurreko urtean baino hobeto esango nuke, baina nik uste dut sektoreagatik izan dela, jende asko hasi delako kirola egiten eta hori antzematen ari naiz.  

Gabon garaira arte galarazita egon zen herritik irtetea; Gabonetatik Erregeak pasa bitartean, baimenduta; eta orain, berriz ere itxita daude herriak. Antzeman al duzue aldaketa horien eraginik?

J.E.: Herriak itxita egoteak gehiago eragingo zien herri handietako eta hiriburuetako dendei, herri txikietakoei baino. Azkenean, Donostiako dendak ez dira donostiarrek egiten dituzten erosketetatik bakarrik bizi, lurralde guztitik joaten zaizkien bezeroei esker baizik. Gure bezero gehienak, berriz, herrikoak dira. Hori bai, Gabon aurreko itxialdian alboko herrira joatea bazegoen, azpeitiarrek Azkoitira etortzea bazeukaten, eta orain ez; hori gehiago ari naiz antzematen. Alde horretatik, oraingo itxialdia okerragoa izaten ari da Gabon aurrekoa baino.

Orain beherapenetan zaudete. Zer moduz doaz salmentak?

J.E.: Beherapenak ez dira nire indargune nagusia. Nire bezeroek gehiago erosten dute behar dutenean, beherapenetan baino; ez dira beherapenak iritsi zain egoten. Ari naiz saltzen, baina agian joan den urtean baino gutxixeago. Azken asteetan geldialditxo bat sumatu dut, mugikortasun mugen eraginez edo.

M.A.: Nire arloan ere beherapenek ez dute izaten beste era bateko dendetan izaten duten indarrik, jendeak behar duenean erosten duelako; baina ondo ari naiz saltzen. 

Herrixen elkarteak sarri-sarri antolatzen ditu herriko merkataritza sustatzeko kanpainak. Beharrezkoak eta eraginkorrak al dira kanpaina horiek?

M.A.: Horrelako ekimen guztiek laguntzen dute. Ez dakit salmenten kopuruan zenbateko eragina izango duten, baina kontsumitzaileentzat pizgarriak dira eta beti etortzen dira ondo.

J.E.: Gainera, bezeroek badakite aldian behin kanpainak egiten ditugula eta badute horiengatik galdetzeko ohitura.

Aste honetarako Scape The Herria jokoa antolatu dute Azkoitian, gazteak herrian erostera bultzatzeko. Gazteei gehiago kostatzen al zaie herrian erostea?

J.E.: Nik denetariko bezeroak ditut, helduak zein gazteak. Hala ere, egia da batzuek eta besteek erosteko modu desberdina dutela: helduak etortzen dira dendara, zer dagoen begiratzen dute, eta gustukoa topatzen badute erosi egiten dute; gazteak, aldiz, gehiago etortzen dira han edo hemen ikusi duten produktu zehatz baten bila. 

M.A.: Nik ere adin guztietako bezeroak ditut, baina emakumeak gehiago gizonezkoak baino, nahiz eta horiek ere geroz eta gehiago etortzen diren. Nirera datozenek gustukoa topatzen badute erosi egiten dute, izan gazte izan heldu. 

Urtebete honetan laguntzarik jaso al duzu pandemiaren ondoriei aurre egiteko? Ze erakundetatik eta zenbateko laguntzak izan dira?

J.E.: Itxialdi garaian udaletik 900 euroko laguntza zuzen bat jaso genuen, eta gero, nire kasuan, 3.000 euroko laguntza jaso nuen Eusko Jaurlaritzatik, alokairua ordaintzen laguntzeko-eta.

M.A.: Nik, aldiz, alokairua ordaindu beharrik ez daukadanez, ez nuen 3.000 euro laguntza hori jaso, eta egin beharra neuzkan ordainketen araberako beste laguntza bat eman zidaten. Denda bakoitzak bere egoeraren araberako laguntzak jaso ditu. 

Konforme zaudete jasotako laguntzekin?

J.E.: Bai, dendak itxita izan genituen hilabeteetarako oso ondo etorri zitzaizkigun.

M.A.: Lan eginez diru gehiago aterako genukeen, baina bai, eskertzekoa da eman ziguten laguntza.

Momentuz tabernak irekita daude Azkoitian, baina beldurrik ematen al dizue itxi behar izateak?

M.A.: Tabernak zabalik egoteak beti laguntzen du. Kalean jende gehiago ibiltzen da eta jendea errazago sartzen da dendetara. 

Zer mezu helarazi nahi zeniekete herritarrei?

J.E.: Herritarrei eskerrak eman dendak berriz ireki genituenetik oso ondo erantzun dutelako, eta jarrai dezatela herrian erosten, gu saiatuko garelako ahalik eta zerbitzurik onena ematen eta gauzak ahalik eta gehien errazten. Eta esan nahiko nieke lasai sartzeko dendara, ez izateko beldurrik dendara sartu eta ezer ez erosteko, horregatik ez kezkatzeko, ez delako ezer pasatzen.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide