Garazi Salegi: "Bilatu beharko da modua haurrentzat eta nerabeentzat kultur, kirol eta aisialdi jarduerak martxan jartzeko"

Aitziber Arzallus 2021ko ots. 7a, 09:00

Garazi Salegi.

Garazi Salegi (Azkoitia, 1986) gizarte hezitzailea da eta Donostiako Udaleko familia esku hartzeetarako zerbitzuan lan egiten du. Babesgabetasun egoeran dauden adin txikikoei eta haien familiei laguntzea da bere egitekoa. Lehendik ere arazoak zituzten haurrei, nerabeei eta familiei pandemia egoerak nola eragin dien azaldu du.

Zein da zure egitekoa gizarte hezitzaile moduan?

Donostiako Udaleko familia esku hartzeetarako zerbitzuan lan egiten dut, babesgabetasun egoeran dauden adin txikikoekin eta haien familiekin. 

Zein dira esku hartzea egiteko identifikatu ohi dituzuen egoerarik ohikoenak?

Kasuen jakinarazpenak hainbat lekutatik irits dakizkiguke: eskoletatik, Osakidetzatik, Donostiako haur eta nerbaeentzako pskiatria unitatetik, udaleko Gizarte Zerbitzuetatik… eta batzuetan familiak eurak ere etortzen dira laguntza eske. Gugana jotzen dute umearengan ondoez bat nabaritu dutelako; izan daiteke ‘ohikotzat’ hartzen ez diren jarrerak izatea, zauriren batzuk, elikaduran gabezia handiak, familiak arazo ekonomiko handiak izatea… Psikologo komunitarioak kasua aztertzen du, eta hark erabakitzen du zein balibide jarri: familia esku hartzea, terapia edo besteren bat. 

Zehazki, zer da zuek egin behar izaten duzuena?

Esku hartzearen fokua edo erdigunea adin txikikoa izaten da, baina familia unitate osoarekin lan egiten dugu, eta laguntzen diegu daukaten arazoa konponbidean jartzen. Bide horretan, era askotara lagun diezaiekegu: gestio administratiboak eta bestelako gestioak egiten; eskolarekin, Osakidetzarekin edo beharrezkoa den beste edozein erakunderekin harremanetan jartzen; haien arteko harremanak koordinatzen… Momentu jakin batean arazoak dituzten familia horien akulu bihurtzen gara, baina ikasi behar dutena da akulu hori gabe funtzionatzen; hori da helburua.

"Momentu jakin batean arazoak dituzten familia horien akulu bihurtzen gara, baina ikasi behar dutena da akulu hori gabe funtzionatzen; hori da helburua"

Profil jakinik badute esku hartu behar izaten duzuen familiek?

Ez bereziki, denetariko familietan esku hartzen dugu. Agian atzerritarren kasuan antzematen da gabezia jakin batzuk dituztela hemen bakarrik daudelako eta familiaren babesik ez dutelako, baina kopuru aldetik ez nuke esango gehiengoa direnik. Gainera, atzerritarrak izan edo bertakoak izan, helburuak antzerakoak izaten dira.

Pandemia hasi zenetik nola aldatu da zure lana?

Martxoan etxetik lan egiteko agindu ziguten, eta hasierako asteak sekulako kaosa izan ziren. Gehienak baliabide gutxiko familiak izan arren, wifia badute, eta bideo deien bidez komunikatu gintezkeen; baina hitzorduak jartzeko-eta arazo handiak izan genituen. Egoera luzatzen zihoan heinean, gainera, gehienen egoerak okerrera egin zuen, etxean egonda asetu ezin zituzten beharrak zituztelako. Saiatu ginen lehen mailako beharrizanak asetzeko laguntza ematen, baina dena telefonoz egin beharrak asko moteldu zituen gauzak. Egia da une haietan lehentasuna eman behar izan geniela beharrizan ekonomikoei, eskolak etxetik jarraitzeko baliabideak lortzeari eta horrelakoei, bestelakoak pixka bat alboratuta. Hala ere, saiatu ginen egoera berrira egokitzeko ahalik eta erreminta gehien ematen familiei, umeek errutina bat jarraitu zezaten. 

Harremana duzuen gazte horiek zer moduz daramate egungo egoera?

Hasieran oso-oso galduta ikusi nituen, etxean sartuta zer egin ez zekitela. Nerabezaroan sekulako garrantzia dute lagunek eta sozializatzeak, eta hori kendu egin diete. Egia da teknologia eta sare sozialak eskura dituztela, baina zuzeneko harreman hori gabe nerabeek gaizki pasatu dute. Donostian, gainera, ludoteka eta gazteleku publikoak itxi egin dituzte edo oso mugatuta zabaltzen dituzte, eta horien falta handia sumatzen dugu. Izan ere, saiatzen gara gure gazteak leku horietara bideratzen, sozializatzeko aukera eskaintzen dieten lekuak izateaz gain, kontentzio maila altuko lekuak direlako. Ludoteka eta gaztelekuetan gauza asko lantzen dituzte eta uste dugu oso lagungarriak zaizkiela. Haietako hezitzaileekin erabateko koordinazioan aritzen gara, gainera; egundoko garrantzia ematen diogu horri. Orain, ordea, hori dena falta zaigu. 

Zer gertatzen da etxea leku segurutzat ez duten horiekin?

Gehiengoa erresilienteak dira. Batzuetan lehertu egiten dira, baina badute gaitasuna berriz indarrak atera eta aurrera egiteko jarrera hartzeko. Bizi duten egoera onartu egiten dute, ikasi egiten dute horrela bizitzen, eta gainera kostatu egiten zaie beraientzat normaltasuna den horretatik irteten. Tartean kontsumo arazoren bat dagoenean, berriz, beraien buruari min egiteko joerak izan ditzateke. Edo gertatu da ume eta nerabeentzako psikiatria unitatean dabilen gazte bati brotea ematea ere, etxean gehiago jasan ezin zuelako. Azkenean, etxea bat segurua ez bada, ez da izango ez pandemia egoeran ezta egoera normalean ere.

"Nerabezaroan sekulako garrantzia dute lagunek eta sozializatzeak, eta hori kendu egin diete. Egia da teknologia eta sare sozialak eskura dituztela, baina zuzeneko harreman hori gabe nerabeek gaizki pasatu dute"

Egoerak bultzatuta lehen baino denbora gehiago pasatzen dugu etxean. Arazoak dituzten familiei egoera okertu egin al zaie?

Arazo jakin batzuk badituzu, arazo horien fokua etxean badago eta ezin baduzu etxetik irten, normalena da egoerak okerrera egitea, eta zenbait etxetan hori gertatu da. Egoera normal batean, gazte horiek, edo baita gurasoek ere, kalean topatuko lukete ihesbidea: lagunekin hitz eginez, parkean jolastuz, kirola eginez, kultur jarduera batera joanez… Baina hori egiterik ez zutenez, batzuek egoera zailak bizi izan dituzte. Hala ere, beste familia batzuei ondo etorri zaie etxean denbora gehiago pasatzea; balio izan die elkarrekin gehiago egoteko, elkar hobeto ezagutzeko eta elkarren arteko harremana indartzen eta hobetzen saiatzeko.

Kasuen kopuruan igoerarik edo jaitsierarik antzeman al duzu azken hilabeteetan?

Hezitzaile bakoitzak kasu kopuru jakin bat izaten dugu; beraz, ez dakit kopuruak gora edo behera egin duen. Pentsa liteke pandemiaren eraginez arazoak dituzten familiak ugaritu egingo zirela, baina, bestalde, egoera honetan zailagoa da kasuak detektatzea. 

Gizarte Zerbitzuek egiten dutenaz gain, zer gehiago egin beharko litzateke egoera hobetzeko?

Funtsezkoa litzateke erakunde eta eragile guztien arteko koordinazioa hobetzea, alegia, sare bat osatzea eta elkarlanean jardutea. Askotan gertatzen zaiguna da zerbait behar eta hori lortzeko hamar lekutara hots egin behar izatea. Eskolekin, partikularretako irakasleekin, ludoteka edo gaztelekuetako hezitzaileekin eta antzerakoekin harreman zuzena eta ona izaten dugu normalean, baina Lanbide, Gizarte Segurantza eta horrelako erakundeak tartean sartzen direnean asko zailtzen zaizkigu gauzak. Horrez gain, beharrezkoa da haur eta nerabeen eskura balibide seguruak jartzea. Egia da COVID-19ak dena baldintzatu duela, baina nola edo hala bilatu beharko da modua haientzat kultur, kirol eta aisialdi jarduerak martxan jartzeko. Agian haur eta nerabe batzuk erraz moldatuko dira horiek gabe, baina beste zenbaiten hazkuntza prozesurako behar-beharrezkoak dira jarduera horiek.