Joanes Txurruka: "Gogorra egiten da entrenamenduetan sufritzen ibili eta emaitza erakusteko aukerarik ia ez izatea"

Andoni Elduaien 2021ko ots. 6a, 09:00

Joanes Txurruka (Azkoitia, 2003) Zubiaurre Igeriketa Klubeko igerilariak euskal selekzioarekin jokatuko du datorren ostiraletik igandera bitartean Espainiako Igeriketa Txapelketa, Oviedon (Asturias, Espainia). 100 metro bizkar proban lehiatuko da Txurruka. Beste kirol guztietan bezala, azken hilabeteetan entrenatu bai, baina lehiatzeko aukera oso gutxi izan dute igerilariek ere. Beren egoeraren berri eman du azkoitiarrak.

Euskal selekzioak deitu zaitu Espainiako Txapelketan aritzeko. Gustura al zaude deiarekin?

Bai, horrelako mezuak gustura jasotzen dira, eta gauden egoeran egonda, motibazio extra bat ere ematen du.

Zer da zuretzat euskal selekzioaren deia jasotzea?  

Hirugarren deia dut oraingoa, baina ilusio bera egin dit. Lagun batzuk eginak ditut dagoeneko, eta igerileku eta leku berriak ezagutzea gauza ederra da.

Non ikusten duzu zeure burua zerbait lortzeko aukerekin? 

Nazio mailan sartzen garenean, oso zaila da nabarmentzea. Jende oso ona dago, eta akats txikiak asko kontatzen dute. Hala ere, 100 bizkar proban dut emaitzarik onena. 

Gaur egungo egoeragatik meritua bikoitza da. Zein muga edo zailtasun izan dituzue entrenatzerako orduan?

Entrenatzeko ordutegia aldatu egin zaigu. Horrekin batera, nire kasuan, entrenatzeko ordu dezente murriztu ditut, ezin izaten dudalako taldekideekin batera entrenatu. 

Nola moldatu zarete egoera horretan entrenamenduak egiteko? Igerilekua faltako zitzaizuen...

Ordutegia aldatu zaigu eta niri ez zait ongi etortzen. Horregatik, herritar modura joan behar izaten dut beste taldekide batekin, txanda hartuta. COVID-19a dela eta, bi herritarrek baino ezin dute egon aldi berean igerilekuan, eta horrek eragin handia du gugan.

Zubiaurre Igeriketa Klubak lagundu dizue irtenbideak bilatzen, ezta?

Bai, beti daude laguntzeko prest. Nire entrenatzeko orduetan ere, beti egoten da nor edo nor niri denborak hartzeko, eta horrek asko laguntzen du.

Entrenamendu gutxi, baina txapelketarik ez duzue izan ia. Nola daramazue lehiatzeko nahia eta ezina?

Nahikoa gogorra egiten da entrenamenduetan sufritzen ibili eta emaitza erakusteko aukerarik ia ez izatea. Baina badirudi berriro ere poliki-poliki martxan hasi garela eta ea horri eusten diogun!

Zer aldatu du pandemiak igerilarientzat?

Kirol guztietan bezala, kolpe handia eman du. Txapelketak egin ditugu, baina ez dira berdinak izan; segurtasun tarteak, neskak eta mutilak banatzea edukiera kontua dela eta, publikorik ez izatea… Nabaritzen diren xehetasunak dira azkenerako.

Zer ondorio atera dituzue edo zer hausnartu duzue hau guztia pasatuta?

Gauzak zail egon arren, gogoa baldin badago, beti aurkitzen dela irtenbidea.