Udal brigadak Urola ibaiaren eta herriko erreken garbiketa lanak egin ditu azken egunotan

Andoni Elduaien 2021ko ots. 2a, 08:01

Brigadako langileak herriko hainbat erreka eta Urola ibaia garbitzen aritu dira. Bide batez, Urola Bizirik natur taldeak larunbatean egindako erreka garbiketa eskertu du.

Udaleko brigada Urola ibaiaren eta herriko erreken garbiketa lanetan aritu da azken egunetan, eta jakinarazi duenez era guztietako hondakin kopuru handia jaso dute. Brigadako langileek Urola ibaia garbitu dute, baita Egino, Atano eta Katuin errekak ere. Herritik zeharkatzen den tartean eta Aizpurutxo parean ere egin dituzte brigadako langileek garbiketa lanak.

"Ikusten da gizartean oro har ingurumenarekiko ardura geroz eta handiagoa dela, baina zerbaitek huts egiten jarraitzen du ibaitik eta erreketatik hainbeste hondakin ateratzen denean. Hobeto zaindu behar dugu ingurunea", dio Ingurumen zinegotzi Imanol Arrizabalagak.

Urola Biziriki "eskerrak"

Halaber, udalak bere esker ona azaldu nahi izan dio Urola Bizirik natur taldeari pasa den larunbatean San Juan auzuneko errekaren "garbiketa" egiteagatik eta ingurumenarekiko kontzientziazio lanean "urrats bat gehiago" emateagatik. Taldeak, hainbat herritarrekin batera, jasotako hondakinak atzo, astelehena, erretiratu zituen brigadak. Udalak ingurumenarekiko "errespetua" eskatu du. "Joka dezagun zentzuz. Zikintzen ez denak ez du garbitzen lanik. Eutsi diezaiegun ibaiari eta errekei garbi, guztion onerako", azaldu du Arrizabalaga zinegotziak.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide