Gehiago eskatu ezin denean

Andoni Elduaien 2021ko ots. 3a, 08:30

Emakumezkoen Euskal Ligan bada gainerako taldeei burukomina eta kezka sortzen dizkien talde bat, eta hori Anaitasunako nesken lehen taldea da. Jokatutako 11 partidatan talde bakarra izan da Anaitasunari irabazteko gai, eta sailkapenean liderra da. Otsaila hastearekin batera lor dezakete Emakumezkoen Lehen Nazional Mailarako igoera fasea jokatzeko sailkatzea. Egin duten guztiagatik, justizia igoerak egin beharko luke. 

Anaitasunako emakumezkoen lehen taldeak puntu gutxira du Emakumezkoen Lehen Nazional Mailarako igoera faserako sailkapena. Jokatutako 11 jardunalditan porrot bakarra jaso du Gorka Zubizarretak gidatzen duen taldeak; bestela esanda, jokatutako 11 partidetatik hamar partida irabazi ditu Anaitasunak, eta lider sendoa da bere multzoan. Joan den asteazkenean galdu zuen taldeak denboraldiko lehen neurketa eta Libe Urtzelai taldeko kapitainak adierazi du "gaizki ohitzen" hasiak zirela. "Ezin genuen pentsatu partidarik ez genuenik galduko, urte batetik bestera ez gara-eta asko aldatu. Galtzeko egunak ere iritsi behar zuen", azaldu du. 

Azken bi urteetan Emakumezkoen Euskal Ligako sailkapenean erditik behera ibili da Anaitasuna, baina aurten oraindik ez ditu gorrixek inork puntaren puntatik kendu, eta zaila izango da Anaitasunari lehen postua irabaztea. Libe Urzelai taldeko kapitainaren iritziz "jokalariak inoiz baino konprometituago" daude taldearekiko, eta klubak egin dituen bi fitxaketek ere taldearen maila "igotzen" lagundu dute. Urzelaik dio, gainera, entrenatzaile taldearen aldetik entrenamenduak "gehiago findu" dituztela. Lider doan talde bati zulo gutxi ikusten zaizkio, han eta hemen ditu indarguneak. Urtzelai kapitainak "konpromisoa" hitzarekin laburbildu du beren egoera. "Jokatzen duena eta jokatzen ez duena, guztiak joaten gara entrenatzera. Fitxaketek ere konfiantza eta indarra eman dizkigute. Taldera etorri badira, gugan zerbait ona ikusi dutelako izan da. Irabazten joanagatik ere, zelaian lanean jarraitzen dugu, baloia oinetan edukitzen ausartzen gara. Aurten, nabarmen, defentsa lana hobetu dugu. Askoz gol gutxiago ari gara jasotzen, eta sartu ere dezente egiten ditugu. Horrek asko laguntzen du", eman du azalpena.

"Hasiera batean esperotakoa baino hobea" ari da izaten denboraldia Urtzelairentzat. "Ez zuen inork espero sailkapenean horren ondo joaterik, eta uste dut taldea fisikoki inoiz baino hobeto sentitzen dela. Talde batzuk gu baino gorago ikusten genituen lehen, baina aurten guztiei aurka egiteko moduan gaude, eta ondo jokatuz gero, gainera, guztiei irabazteko gai ari gara izaten", adierazi du. 

Egoera, jokoa eta sentsazioak aintzat hartuta, denboraldi hasieran zehazten ditu talde bakoitzak sasoirako helburuak. Entrenatzaileek helburuen inguruan azaldutakoa kontatu du Urtzelaik. "Denboraldia hasi aurretik esan zuten gure lehen helburuak multzoko lehen lau talde onenen artean sailkatzeak izan behar zuela. Horrela, batetik, martxorako maila mantentzea ziurtatuta izango genuelako, eta bestetik, igoera fasean maila honetako talderik onenen aurka jokatzeko aukera izango dugulako. Oso puntu gutxiren faltan gaude igoera fasera automatikoki sailkatzetik, eta multzoko lau onenen artean egotetik. Igoera fasera sartuko garela dirudienez, lehen fasearen amaierara bitartean ahalik eta puntu gehien batzen saiatu behar dugu, igoera fasean ondo ibiltzeko", azaldu du kapitainak

30 punturekin da gaur Anaitasuna bere multzoko liderra, eta kapitainaren esanetan "puntu guztiak dira garrantzitsuak". Esku eskura duten igoera fasera sailkapena lortuz gero, txapelketako lehen fasean pilatutako puntuekin hasi beharko luke Anaitasunak igoera fasea. Hala eta guztiz ere, ligako beste multzoan talde bat gutxiago ari da lehiatzen, eta ondorioz, jokoan dituzten puntuak Anaitasunaren multzokoak baino gutxiago dira. Hori horrela, Euskadiko Futbol Federazioak erabaki beharko du puntuen gaia igoera fasean nola izango den. Emakumezkoen Euskal Liga bi multzok osatzen dute, eta multzo bakoitzeko launa taldek parte hartuko dute igoera fasean. Sailkapenaren kasuan, Anaitasunak beste multzoko lau taldeen aurka jokatu beharko ditu joan-etorriko partidak.

Emozioak borborka eta ilusioak amesgai, Urtzelai kapitainak dio "nazionalera" oihua entzun dutela dagoeneko aldagelan, baina uste du zuhurtziaz jokatu behar dutela aurrerantzean. "Igoera fasea orain jokatzen ari garen fasea baino gogorragoa izango da. Ez ditugu talde guztiak ezagutzen, baina Athletic eta Eibar bezalako talde indartsuak daude. Halere, gogotsu gaude horiei gogor egiteko. Nazionalera igotzea momentuan hitz handia da, baina zelaian ikusi beharko da".

Anaitasuna lehena izateko beste faktore garrantzitsu bat ere bada, ordea. Azken urteetan, taldeak San Juan futbol zelaian jokatu izan ditu neurketa ia guztiak, baina aurten klubak Txerloia izendatu du nesken taldearen lehen zelaia. Urtzelaik dio "eragina" izan duela horrek emaitzetan. "Txerloiak asko eskatzen du fisikoki, baina erosoago sentitzen gara. Leku gehiago dugu baloia oinetatik oinetara jokatzeko, eta jokoaren kontrol handiagoa dugu. Era berean, eragina eduki du klubak gure taldeari horrelako konfiantza emateak. Indarra eman digu neurketak Txerloian jokatzeak". 

Etorkizuneko asteek ebatziko dute Anaitasunaren sasoi honetako ibilia, baina sailkatzear dauden igoera fasean aukera asko eta onak edukiko ditu taldeak bere jokoa erakutsi eta mailaz igotzeko. Urtzelaik egun duten erritmoari eusteko modua ikusten du, nahiz eta igotzeko gai diren edo ez esateko oraindik "azkar" dela iritzi dion. "Ikusi egin beharko da. Azkenean, denboraldi amaieran karga igotzen joaten da oinetan, lesioak ere agertzen dira batzuetan... Beste multzoaren maila ikusi beharko da, baina zergatik ez?". Futbolean justizia zelaian egiten da. Epaia aldekoa izango den edo ez jakin gabe, orain arte moduan fin jarraituko dute neskek horren lotu batzen dituen kolore gorriaren pean.