Anaitasunako gizonezkoen lehen taldeak puntu bat batu du Vitoriaren aurka

Andoni Elduaien 2021ko ots. 1a, 09:00
Julen Aramendi, aireko baloia lehiatzen.

Denboraldiko hamazazpigarren puntua batu zuen Xabi Artetxeren taldeak Txerloian hutsean berdindu ondoren.

Anaitasunako gizonezkoen lehen taldeak hutsean berdindu zuen atzo, igandea, Vitoria taldearen aurka, Txerloian. Azkoitiarrek estuago hartu zituzten bisitariak lehen zatian, baina bigarrenean, bereziki azken minutuetan, Vitoriak Anaitasuna bere zelaian pilatu zuen.

Lehen zatian, Julen Aramendik eta Mikel Arzalluzek izan zituzten gorrixen aldeko abagune garbienak, baina azken metroetan atea asmatzea falta izan zitzaien bakarrik azkoitiarrei. Atzelarien bizkarrera egindako paseen bitartez hartu zuen gaizki Anaitasunak Vitoria. Bi taldeek lerroak oso elkartuta izan zituzten, eta oreka zein intentsitatea handia izan zen jokoan.

Bigarren zatian, berriz, bisitariena izan zen jokoaren ekimena. Kanpokoek erasoa antolatzerakoan eta etxekoak defentsa lanean argi izan zuten une oro egin behar zutena, eta ez zuten zailtasunik hartu. Joko zuzena erakutsi zuten biek ala biek. Vitoriak, baina, balantza bere aldera eramatea lortu zuen, eta azken minutuetan Anaitasuna bere area inguruan sartu zuen, gorrixek estu hartuz. 

Amaieran, puntu banaketa ebatzi zuen epaileak Txerloian. Denboraldiko hamazazpigarren puntua bildu zuen Xabi Artetxek gidatzen duen taldeak. Aipatzekoa da, gainera, 2021. urteaz geroztik inor ez dela gai izan Anaitasuna mendean hartzeko; Sodupen irabazi ondoren, berdinketak batu ditu Anaitasunak Cultural Durango, Ariznabarra eta Vitoria taldeen aurka. Horrela, sailkapenaren erdialdean jarraitzen du taldeak. Datorren asteburuan, irteera zaila izango du Anaitasunako gizonezkoen lehen taldeak, Urduliz liderraren zelaian arituko baitira.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide