Urola Bizirik natur taldeak 'U30 Aldaketaldia' ekimenari lotutako erreka garbiketa egin du

Andoni Elduaien 2021ko urt. 30a, 14:14

San Juan auzuneko erreka bazterrak garbitzeko elkartu dira hainbat lagun 10:00etan, eta hainbat zabor atera dute. Datorren astean erakusketa egingo dute bildutako zabor guztiarekin.

Larreko Mahaiak sustatuta, klima, bioaniztasun eta ingurumen larrialdia salatzeko ekintzak ari dira egiten gaur Euskal Herrian. U30 Aldaketaldia izenburupean, herri, auzo, ikastetxe eta lan zentro askotan ekintzak egin dituzte. Gipuzkoako hogei herri baino gehiagotan izan dira ekimenak eta Azkoitian Urola Bizirik natur taldeak deituta, San Juan auzuneko erreka ertzak garbitzen aritu dira hainbat herritan.

10:00etan beilatoki parean bildu dira, eta taldetan banatuta, errekaren bi aldeak garbitzen aritu dira goiz osoan zehar. Era guztietako zaborra bildu dute ekintzaileek, supermerkatuetako orgetatik hasi eta plastiko, kristal zein bestelako hondakinak. Errekatik atera duten zaborra bildu eta datorren astean jendaurrean erakustea du helburu Urola Bizirikek, jendearen kontzientziazioan eragiteko asmoz.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide