Hainbat herritar elkartu da presoen eta iheslarien eskubideak aldarrikatzeko Sarek deitutako elkarretaratzera

Andoni Elduaien 2021ko urt. 30a, 09:00

Atzo egindako elkarretaratzearen irudi bat.

Atzo, ostirala, hileko azken ostiraletan egin ohi duten elkarretaratzea egin zuten herriko plazan. Urtarrilaren 9ko mobilizazioak, presoen azken berriak eta aldarrikapenak izan zituzten hizpide.

Abenduaren 31ko manifestazioaren eta urtarrilaren 9an egindako elkarretaratzearen ondotik, atzo, ostirala, hileko azken ostiraleko kontzentrazioa egin zuen Azkoitiko Sare Herritarrak. Hainbat herritarrek egin zuten bat deialdiarekin 19:30ean herriko plazan, eta borobilean jarrita presoen eta iheslarien eskubideen defentsa egin zuten.

Elkarretaratzean Azkoitiko Sareko kideek idatzi bat irakurri zuten, eta han azaldu zuten urte berrian euskal jendarteak "mobilizazio ikaragarria" egin zuela, presoak Euskal Herrira hurbiltzeko eskatzeko. Gainera, eragile politikoengan eta sindikalengan "konfiantza" erakutsi behar dutela zaldu zuten. "Hilabete honetan Iruñeako Parlamentuan gehiengo politikoak egindako adierazpenak presoen hurbilketa eskatzen du, eta nafar sindikatu guztiek bat egin dute adierazpen horrekin. Bilboko Udalak, berriz, Irati txikia eta bere guraso presoak Euskal Herrira itzul daitezen eskatu du".

Sareko kideek azaldu zutenez, "euskal jendartea" da presoei eta haien senideei aplikatutako "salbuespen-neurrien amaiera" eragiten ari dena. "Oraindik bide luzea dago egiteko, eta zoritxarrez, hainbat sektorek eta estamentuk ez dute onartu nahi beste garai batean gaudela, eta salbuespenezko espetxe politikaren amaierak, urruntzea erabat deskatibatzeaz eta euskal presoen kasuan salbuespenezko beste neurri batzuez gain, presoen bizi baldintzak duinak izateko eboluzionatu behar dutela".

Antton Troitiño presoaren kasua ere hizpide izan zuten. Haien esanetan, "ulergarria dena baino askoz gehiago" atzeratu dute bere askatasuna, eta "legeari berari uko" egin diote. Sareko kideen iritziz, etxean geratu beharko luke Troitiñok bere gaitza "duintasunez eta behar bezala artatzeko".

Era berean, kondena luzeek eta espetxean dagoen asistentzia gabeziak "osasuna azkar hondatzea" eragiten dutela azaldu zuten. COVID-19ak eragindako larrialdia eta arrisku erantsia ere gehitu zituzten Sareko kideek. Adierazi zuten, Etxerat Elkartea espetxe administraziora zuzendu dela beste behin, "osasun eskubidea" eta "osasun asistentzia duina" preso guztiei bermatzeko eskatzeko.

Elkarretaratzea amaitu aurretik Espainiako eta Frantziako gobernuei dei egin zieten, "larriki gaixorik" dauden presoak eta "gaixotasun sendaezinak" dituzten hamazazpi euskal presoren "berehalako askatasuna" eskatzeko, baita 65 urtetik gorakoena ere. Otsailaren 26an egingo dute hurrengo elkarretaratzea.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide