Azkoitiak 11.627 biztanlerekin itxi zuen 2020. urtea

Julene Frantzesena eta Andoni Elduaien 2021ko urt. 28a, 14:24

Azken hamarkadan gora egin du oro har biztanleriak herrian. (Argazkia: Alex Berasategi)

2020aren amaieran, 11.627 biztanle zituen Azkoitiak, 2019an baino zertxobait gutxiago, beraz. Azken hamarkadan, ordea, hazi egin da biztanle kopurua herrian. 

2020. urtea 11.627 biztanlerekin amaitu zuen Azkoitiak. 2019. urtetik ez da gorabehera handirik izan herrian, izan ere, 2019an 11.633 biztanle zituen herriak; iaztik sei pertsona gutxiago bizi dira Azkoitian, beraz. Azken hamarkadan, baina gora egin du biztanle kopuruak herrian; izan ere, 2010etik 2020ra bitartean 276 pertsona gehiago daude bizitzen. Azken urteetako igoerarik esanguratsuena aurreko hamarkadan izan zen, 2008tik 2009ra bitartean hain zuzen. Orduan, 11.091 biztanle izatetik 11.266 biztanle izatera pasatu baitzen Azkoitia.

Urte hartatik aurrera, oro har, gora egin du Azkoitiko biztanle kopuruak urtez urte, nahiz eta salbuespen batzuk izan diren: 2013an eta 2017an behera egin zuen kopuruak. Aipatzekoa da, Espainiako Estatistika Institutuak jasota dituen herrikako biztanleria datuen artean zaharrena 1996koa dela: orduan 10.240 biztanle zituen Azkoitiak, orain baino 1.387 biztanle gutxiago. Horrek esan nahi duena da, 25 urtean %11,9 igo dela Azkoitiko biztanleria.

Gaur egun, 5.844 emakume eta 5.783 gizon bizi dira Azkoitian. Aldea txikia da, baina emakumeak gehiago dira egun. Joera aldatuz joan da azken urteetan. Izan ere, 1996tik 2007ra arte, Azkoitiko emakumeen kopurua gizonena baino altuagoa izan zen. 2008tik 2015era bitartean, aldiz, gizonena emakumeena baino handiagoa izan zen, eta azken bost urteetan, berriz ere emakume gehiago bizi da Azkoitian gizonak baino.

Hamarkadako hazkunde handiena

Euskal Herriak 3.152.218 biztanle ditu gaur egun. Hala jakinarazi du Gaindegiak, estatistika erakundeek argitaratutako datu berrietan oinarrituta gauzatu duen eskualdeen argazki sozioekonomikoaren azterlanean. Duela urtebete baino 22.622 biztanle gehiago ditu Euskal Herriak, hau da, ordutik 0,71 puntu igo da biztanleria, eta azken hamarkadako hazkunderik handiena da azken urtebetean eman dena –azken sei urtetan gora egin du kopuruak–.

Herrialdekako datuei erreparatuta, berriz, Euskal Herriko herrialde guztietan igo da biztanle kopurua, Zuberoan izan ezik. Gaindegiak azaldu duenez, igoera horren arrazoi nagusia izan da Euskal Herritik kanpo jaiotako pertsonen etorrera; izan ere, jaiotze tasak apala izaten jarraitzen du. Gainera, horri esker, gaztetu egin da euskal gizartearen egitura demografikoa. Gipuzkoan, esaterako, 727.121 lagun bizi dira egun, 2019an baino 3.545 pertsona gehiago.

Eskualdez eskualde aldeak nabarmenak dira, baina Gaindegiak emandako datuen arabera, 2008 eta 2018 urteen artean Gipuzkoako bailara guztietan egin zuen gora biztanleriak –behera egin dute, besteak beste, Arabako, Bizkaiko, Ipar Euskal Herriko nahiz Nafarroa Garaiko hainbat eskualdetan–. Biztanleria gehien hazi zen Gipuzkoako eskualdea Urola Kosta izan zen. Hain zuzen ere, 75.751 lagun bizi dira eskualdea osatzen duten 11 herrietan, 2008an baino %6,5 biztanle gehiago. Hazkundeari erreparatuta, Tolosaldean ere igoera nabarmena izan zuen biztanleriak (%5,7); aldiz, hazkunde txikiena Debagoienak izan zuen (%1,3). Datu horiei erreparatuz gero, Gipuzkoako zazpi eskualdeetatik hirugarren populatuena da Urola Kosta: aurretik ditu Donostialdea (330.169 biztanle) eta Bidasoa Beherea (79.991 biztanle).

Eskualdea aztergai

Espainiako Estatistika Institutuak urtearen hasierarekin argitaratutako datuen arabera, Urola Kostan 76.405 pertsona bizi ziren 2020an, aurreko urtean baino %0,5 gehiago (75.998 ziren orduan). Eskualdeko herri gehienetan egin du gora biztanle kopuruak, Aian (-15), Azkoitian (-6), Errezilen (-7) eta Getarian (-25) salbu. Gora egin du biztanleriak Aizarnazabalen (+7), Beizaman (+3), Orion (+69), Zarautzen (+37), Zestoan (+61) eta Zumaian (+13).

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide