Gipuzkoako Azoken Sarea sortu dute azoken etorkizuna bermatzeko helburuarekin

Anartz Izagirre 2021ko urt. 28a, 13:03
Azkoitiko Berdura plazako azoka.

Hainbat erakundek sortu dute sarea; besteak beste, Landa Garapeneko elkarteek, Elika fundazioak, Aldundiak eta Jaurlaritzak. Azkoitiak ere parte hartuko du ekimenean.

Merkatuen etorkizuna bermatzea xede, Gipuzkoako Azoken Sarea sortu dute hainbat erakundek, eta lurraldeko hamasei herrik parte hartuko dute ekimenean; tartean, Azkoitia. Gipuzkoako herrietako azokak aztertu, indartu eta horien etorkizuna bermatu nahi dute ekimenaren bitartez, eta azoka bakoitzaren etorkizuneko erronkak ez ezik, ekintza plana ere adostuko dute prozesuaren bitartez. Eusko Jaurlaritzak, Gipuzkoako Foru Aldundiak, Landa Garapeneko Elkarteak –tartean, Urkome– eta Elika fundazioak parte hartuko dute egitasmoan.

Erakundeek zein Landa Garapeneko elkarteek "azokei bultzada bat ematea" nahi dute, baita "bide berriak aztertuz" ekoizleek "etekin handiagoa izan dezaten lortzea" ere. Atzo, asteazkena, egin zuten egitasmoaren aurkezpena, eta Bittor Oroz Eusko Jaurlaritzako Nekazaritza, Arrantza eta Elikagaien sailburuordeak nabarmendu zuen "une egokia" dela ekimena martxan jartzeko: "Europako Batzordeak, Europako Itun Berdearen esparruan, onartu berri duen Baserritik Mahaira Estrategiak elikagaien segurtasuna eta dieta osasuntsuak eskuratzea babestuko duen elikadura-sistema jasangarrirako trantsizioa defendatzen du, eta estrategia hori Euskadiko gobernu-planean txertatuta dago".

Bestalde, Xabier Arruti Gipuzkoako Foru Aldundiko Nekazaritzako eta Lurralde Orekako zuzendariak nabarmendu zuen Gipuzkoa "aitzindaria" izango dela egitasmo honetan. Horrez gain, Arrutik gaineratu zuen Gipuzkoako Azoken Sarearen bitartez "bultzada handi bat" eman nahi zaiela azokei "hausnarketa bat eginez" eta partaidetza prozesuen bitartez lan-ildo nagusi bat eta ekintza-plan bat sortuaz.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide