'U30 Aldaketaldia' ekimenaren baitan ekintzak antolatu ditu Urola Bizirikek

Maria Maya 2021ko urt. 27a, 16:15

Urola ibaia, Azkoitiko Ugarteigaran inguruan.

Ingurumen larrialdia ikusarazteko ekintzak antolatu ditu Larreko Mahaiak eragile lokalekin elkarlanean. Azkoitian Urola Bizirik Natur Taldeak ere antolatu ditu ekintzak.

Larreko Mahaiak sustatuta, klima, bioaniztasun eta ingurumen larrialdia salatzeko ekintzak izango dira datorren larunbatean, urtarrilak 30. U30 Aldaketaldia izenburupean, ahal den herri, auzo, ikastetxe eta lan zentro guztietan ekintzak egitea proposatu dute, betiere ikuspegi lokaletik. Gipuzkoako hogei herri baino gehiagotan izango dira ekimenak.

Larrialdi ekologikoari lotutako salaketa eta aldarrikapen ekintza ugari izango da. Hitzaldiak, elkarretaratzeak, bizikleta martxak, plastiko bilketak edota zuhaitz landaketak antolatu ditu Larreko Mahaiak tokiko eragileekin elkarlanean. Azkoitian, larunbatean, beilatokian elkartuko dira 10:00etan garbiketa egiteko, eta otsailaren 1etik 5era ibaitik jasotako zaborraren inguruko erakusketa egingo dute.

Zaldibar gogoan

Gainera, gogoratu nahi izan dute otsailaren 6an Zaldibarko zabortegia erori zeneko urteurrena izango dela, eta U30 Aldaketaldia ekimena baliatu nahi dute gertaturikoa gizarteratzeko. "Zaldibarkoan argi geratu da Euskal Herrian, ingurumen alorrean, gauzak ez direla ondo egin eta ez direla ondo egiten ari", gaineratu dute.

Aldaketa sakona

Antolatzaileen hitzetan, beharrezkoa da "norabide aldaketa sakona", agintari politikoek pandemiaren aitzakian "eredu ekonomiko eta sozial jasanezinean sakondu" eta "larrialdi egoera areagotzen jarraitzen ari diren honetan". Horretarako, ezinbestekotzat jo dute gizartea aktibatu eta saretzea: "Argi dugu bizitzaren aldeko norabide-aldaketa hori ez dela gauzatuko horren alde egiten duen euskal gizarte aktibo eta saretua ez badugu".

'Globalean pentsatu eta lokalean ekin' leloak adierazi bezala, garraio, hondakin, bioaniztasun, lurralde antolaketa edota ibaien saneamendu politiketan krisi globala "hemen, gurean" hasten dela bistaratzea beharrezkoa da Larreko Mahaiaren arabera. Ingurumen larrialdiari eraginkortasunez aurre egiteko, lokala eta globala uztartzeko ekimena izatea nahi dute antolatzaileek.

Urola Bizirik natur taldearekin batera honako eragileek egin dute bat Larreko Mahaia eragileak sustatutako ekimenarekin: ELA, LAB, CCOO, ESK, STEILAS, EHNE, Ikasle Sindikatua, Greenpeace, Eguzki, Errausketaren Aurkako Mugimendua, GuraSOS, Ernai, Fridays For Future, Extinction Rebelion, Haritzalde, Satorralaia, Uliako Lore Baratzak, Aire Garbia, Ipar Haizea, Landarlan, Ekologistak Martxan, AHTrik EZ, Grupo Oarso Taldea, Mutriku Natur Taldea, Antikapitalistak, BizilagunEKIN, Ondarroa 12 Mila, Naturkon, Zumaiako Natur Taldea, Arkamurka eta beste batzuk.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide