Eskuz binakako pilota partidak jokatuko dituzte otsailaren 5ean, Gurean

Andoni Elduaien 2021ko urt. 26a, 12:57
Aimar Olaizola. (Argazkia: Baiko Pilota)

22:15ean hasiko dira txapelketei dagozkien partidak Gurea pilotalekuan, baina egungo osasun neurriak tarteko, ezingo da ikuslerik sartu.

Otsailaren 5ean, ostirala, eskuz binakako txapelketako profesionalen pilota partidak jokatuko dituzte Azkoitiko Gurea pilotalekuan. Promozio eta lehen mailako txapelketetako partidak izango dira herrian, 22:15ean hasita.

Aitor Elordik eta Beñat Garmendiak osatutako bikotea, Jon Alberdi pilotari azpeitiarraren eta Ruben Salaverriren aurka arituko dira promozio mailako txapelketari dagokion lehen partidan. Bigarren partida, bestalde, lehen mailako txapelketakoa izango da; Aimar Olaizolak eta Beñat Rezustak Joseba Ezkurdia eta Ladis Galarza izango dituzte aurkari. Bi pilota partidak Euskal Telebistak eskainiko ditu zuzen-zuzenean.

Iaz, abenduaren 5ean jokatu zituzten azkenekoz profesionalen pilota partidak Azkoitiko Gurea pilotalekuan. Orduan lau eta erdiko txapelketako partidak jokatu zituzten. Iñaki Artola Jon Ander Peñaren aurka aritu zen lehen partidan eta Danel Elezkanok eta Iraitz Zubizarretak neurtu zituzten indarrak bigarrengoan. Artola eta Elezkano nagusitu ziren Azkoitian.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide