'1620ko Loraldia. Nafarroako Errenazimentua' erakusketa zabaldu dute Torre Zurin

Andoni Elduaien 2021ko urt. 15a, 17:56

Gaur ireki dute Torre Zurin erakusketa, eta bihar eta igandean zabalduko ditu berriz ateak.

1620ko Loraldia. Nafarroako Errenazimentua erakusketa zabaldu dute gaur Torre Zuri erakustokian, eta ikusgai izango da igande eguerdira bitartean. Panel batzuen bitartez, Nafarroa Erresumaren azken garaia laburbiltzen du erakusketak.

Erakusketaren antolatzaileek hala adierazi dute: "Nahiz eta lurralde aldetik ia erabat murriztua egon, 1512ko azken konkistaren ondoren, kulturalki loraldi bat izan zuen Nafarroa Erresumak. 1545ean Bernart Etxeparek Lingua vasconum primitiae idatzi zuen; Nafarroako azken erreginek –Joanna III, Margarita erregina, ...–, erlijio katolikoaren erreforma bultzatu zuten, Europa iparraldeko korrontea jarraituz –Lutero, Kalbino, ... –, eta Biblia euskarara itzultzea finantzatu zuten. Era horretan, 1563an euskaratze proiektua jarri zuten abian, eta Joanes Leizarragak Testamentu berria euskarara itzuli zuen".

Iaz, 1620ko Loraldiaren 400 urteurrena zela-eta antolatu zuten erakusketa, eta hura ibili da herriz herri.  Gaurtik Azkoitian da erakusketa, Torre Zuri erakustokian. Gaur 17:00etatik 19:00etara arte egongo da zabalik erakustokia; bihar, 11:00etatik 13:00etara eta 17:00etatik 19:00etara, eta igandean, 11:00etatik 13:00etara.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide