Erretratua

Jone Zabaleta: "Lehiatzea dut helburu, eta horren bueltan antolatzen dut bizitza"

Aitziber Arzallus 2021ko urt. 25a, 09:53

Zortzi urterekin hasi zen korrika Jone Zabaleta (Azkoitia, 1998), eta oraindik ez da gelditu, ezta gelditzeko asmorik ere. Urtetik urtera emaitza hobeak lortzen ari dela ikusteak ematen dio jarraitzeko indarra, eta noraino ailegatzeko kapaz den erakutsi nahi dio bere buruari.

Beti izan da kirolaria, baina sekula ez zaizkio futbola eta saskibaloia gustatu izan. Umetan gimnastika erritmikoan ibili zen, euskal dantzak ikasi zituen, eta pilotan ere jokatu zuen, eskuz zein palaz. Korrika, ordea, beranduago hasi zen, 8 urterekin, Lehen Hezkuntzako hirugarren mailan. "Ikaskirolen izena eman eta atletismoan hasi nintzen, lagunek hala egin zutelako". Astean pare bat entrenamendu egiten zituzten ikastolako atarian, eta tartean behin lasterketaren batean parte hartu ere bai. "Herriko txapelketetan-eta parte hartzen genuen, eta on-ona ez nintzen; podiumera igotzen nintzen, baina ez nuen gehiegi destakatzen".

Kadete mailan, 14 urterekin, Xeye atletismo taldean hasi zen, eta ikastolako jolastokian entrenatzeari utzi eta kirolegian entrenatzeari ekin zion, Pedro Muñoz entrenatzailearekin. "Serioago hartu nuen kontua, gehiago eta gogorrago entrenatzen hasi nintzen, eta orduan jabetu nintzen korrikarako neukan gaitasunaz". Garai hartan parte hartu zuen lehenengoz Espainia mailako txapelketa batean ere. "Ohartu nintzen benetan gustatzen zitzaidala korrika egitea, eta erabaki nuen saiatu egin nahi nuela".

Laster jaso zuen Donostiako Atletico San Sebastian taldearen deia. "Beren taldearekin lehiatzen hastea proposatu zidaten". Dudarik ez zuen izan, baina aitortu du buelta asko eman zizkiola erabakiari. "Pena ematen zidan ordura arte taldekide izan nituenak uzteak, eta beldur pixka bat ere bai entrenatzailea aldatzearen kontuak". Baina azkenean ez zen horrenbesterako izan. "Nire entrenatzailearekin jarraitzen utzi zidaten eta Azkoitian entrenatzen; beraz, kamisetaren kolorea bakarrik aldatu nuen". Erabaki hura hartu izanaz damurik ez du azkoitiarrak. "Nire etorkizunari begira aukerarik onena zen, eta pauso bat aurrera eman nahi banuen, ezinbestekoa". Herriko taldearekin lehiatzea ezinezko zukeen ligetan parte hartzeko aukera sortu zitzaion horrela.

Harrezkero, ordu asko eskaini dizkio atletismoari. "Kadete mailan astean bost-sei egunez entrenatzen hasi nintzen; jubeniletan sei-zazpi egunez jarduten nuen; eta orain, egunero". Egunean ordu eta erdiz edo bi orduz aritzen dela azaldu du, ez dituela saio oso luzeak egiten, bere modalitaterako, 1.500 eta 3.000 metroko lasterketetarako, ez dagoelako kilometro asko sartu beharrik. Baina goi mailako kirolari izatea egunean entrenamendu saio bat egitea baino askoz gehiago da, eta hori ondo daki Zabaletak. "Eguneroko saioaz gain, entrenamendu ikusezina deitzen zaiona dago", eta hori da parterik "gogorrena", bere hitzetan. "Elikadura zaintzea, atseden hartzea, beste denak parrandara irteten direnean etxean geratzea, lagunek astebururako plana egin eta ezetz esatea...". Horretarako, gorputzez ez ezik, buruz ere "indartsua" izan behar dela nabarmendu du. "Garbi izan behar dituzu zure lehentasunak; nirea lehiatzea da, eta horren bueltan antolatzen dut bizitza guztia".

Tartean-tartean tentazioak izan dituela aitortu du, baina ezetz esaten jakin duela. "Oso zuzena naiz horretan, amak ere hala esango luke". Dena dela, askotan galdetu izan dio bere buruari egiten ari den ahalegin guztiak merezi ote duen. "Jakitun naiz kirolari izateak lagunekin egoteko denbora asko kendu didala eta nire adineko gehienentzat normalak diren gauza batzuei uko egin behar izan diedala, baina lortzen ari naizen emaitzak ikusten ditudanean, burutazio horiek guztiak joan egiten zaizkit, eta konturatzen naiz baietz, merezi duela egiten ari naizen guztiak". Orain arteko ibilbidean, konta ezin ahala marka hautsi eta txapelketa irabazi ditu, baina guztietan "bereziena" bezala duela bi urte Espainiako Txapelketan podiumera igotzea lortu zuenekoa du. "Lesioekin eta ibili nintzen, bolada txarra pasatzen ari nintzen, eta lasterketa hartan podiumera igotzeak kristoren indarra eman zidan".

Atletismoak kendu eta eman dizkion gauzen balantzan, dudarik ez du zein aldek irabazten duen. "Lagunekin egoteko denbora kendu dit, baina askoz ere gauza gehiago eman dizkit: jendea ezagutzeko aukera, lagun onak, bizitzeko indarra, poztasuna, askatasuna, neure burua ezagutzeko aukera, nire mugak gainditzeko daukadan indarraz jabetzekoa, baita diziplina ere, bizitzako arlo guztietarako". Gainera, atletismoari esker ikusi du ingurukoek zenbait maite duten. "Gauza handia da zure lorpenak besteekin partekatu ahal izatea eta lorpen horiekin ingurukoak nola pozten diren ikustea".

Familiaren ezinbesteko babesa

Bidaiatzeko eta bestela iritsiko ez zatekeen hamaika leku ezagutzeko aukera ere eman dio kirolak. "Euskal Herria eta Espainia alderik alde zeharkatu ditut, eta dena lasterketei esker". Urte normal batean, 30en bat lasterketetan parte hartzen duela adierazi du, "azarotik abuztura, ia asteburuero". Eta horren gaztea izanda, batetik bestera ibiltzeko familiaren babesa ezinbestekoa izan duela esan du. "Gurasoak izan dira alde batetik bestera eraman izan nautenak, eta oso garbi daukat familiaren babesik ez banu, ez nintzatekeela egongo gaur nagoen lekuan".

Azken urteotan familiarengandik apartexeago dabil halere. "Fisioterapia eta SHEEko gradu bikoitza ikasi nahi nuen, eta Euskal Herrian aukerarik ez nuenez, duela bost urte Lleidara [Katalunia] joan nintzen". Han lau urte egin zituen, eta karrerako azken ikasturtea egitera Kanaria Handira joan da aurten, Sicue programari esker. Ondorioz, azken urteotan "bakar-bakarrik" entrenatu behar izan du, entranatzaileak Whatsappez agintzen dizkionak eginez. "Bestela ere atletismoa oso kirol indibiduala da, eta azken urteotan, niretzako behintzat, zer esanik ez".

Dena dela, horrek ez du atzeratu; areago, datorren urtean Ameriketako Estatu Batuetara joateko aukera aztertzen ari da. "Oraindik ezer lotu gabe daukat, baina hori darabilt buruan. Hainbat unibertsitatek eskaini dizkidate bekak, eta asmoa litzateke master bat eginez atlestismoan koska bat gora egiten saiatzea". Horretarako askoz aukera gehiago ikusten ditu han. "Han erraztasun gehiago ematen dituzte kirolean aurrera egiteko, eta ikasketei ordu gutxiago eta kirolari gehiago eskainita zertara ailegatzeko kapaz naizen ikusi nahi nuke". Pare bat urteko kontua izango litzatekeela dio, eta gero atzera Euskal Herrira bueltatuko dela, "dudarik gabe". Lehiatzen, baina, gutxienez beste hamar bat urtean jarraitu nahiko luke, "ama izaten naizen arte edo". Eta gero-gerokoak. Ziur dio kirola egiteari sekula ez diola utziko, ezingo lukeelako, baina beste era bateko lasterketak ere probatuko lituzke: "Orain krosak eta pistako lasterketak egiten ditut, baina etapa hau bukatzean gustura hasiko nintzateke mendiko lasterketetan".

Motzean

Adina: 22 urte.

Ikasketak: Fisioterapia eta SHEEko gradu bikoitza ikasten ari da.

Lanbidea: Korrikalaria.

Korrikalaria ez banintz... fisioterapeuta edo klub bateko entrenatzaile pertsonala.

Entrenamendua bukatzean gogoko dut... dutxa bero-bero bat eta atseden pixka bat hartzea eta lagunekin egotea.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide