Parrokiako Jaiotza otsailaren 2ra arte egongo da ikusgai

Andoni Elduaien 2021ko urt. 14a, 15:04

Hasiera batean urtarrilaren 10era arte jarri zuen Azkoitiko Parrokiak Jaiotza, baina otsailaren 2ra arte luzatzea erabaki dute.

Azkoitiko Parrokiako Jaiotza otsailaren 2ra bitartean egongo da ikusteko moduan. 2020ko abenduaren 25ean inauguratu zuten Jaiotza, hasiera batean urtarrilaren 10era arte. Azkoitiko Parrokiako taldeak, ordea, Jaiotza ikusteko epea otsailaren 2ra arte luzatzea erabaki du. Parrokia irekita dagoen edozein unetan ikusi ahal izango da Jaiotza. Astelehenetik ostiralera bitartean 09:00etatik 12:30era egongo da irekita parrokia goizez, eta 17:00etatik 19:30era arratsaldez. Asteburuan, berriz, 09:00etatik 14:00etara egongo da ikusgai Jaiotza.

Orain arte arduradun batek koordinatuta ikusi ahal izan da Jaiotza parrokian, baina otsailera bitartean ez da inor egongo lan horietan; hori horrela, Azkoitiko Parrokiak eskatu die bisitariei arduraz jokatzeko. Maskara jantzita sartu beharko da elizara, eta sarreran eskuak gelarekin garbitu beharko dira.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide