KEA ahots taldeak kontzertua eskainiko du larunbatean, Parrokian

Nerea Uranga 2021ko urt. 13a, 10:08

Javier Bello-Portu orkestra zuzendari eta konpositore zenaren jaiotzaren mendeurrena kontuan hartuta prestatu du errezitaldia KEA ahots taldeak. Ganbera-abesbatzaren kontzertua doan izango da, 20:00etan hasita.

KEA ahots taldeak kontzertua emango du larunbatean, urtarrilaren 16an, 20:00etan hasita Azkoitiko Parrokian. Javier Bello-Portu (1920-2004) orkestra zuzendari eta konpositore tolosarraren jaiotzaren mendeurrena izan berri dela gogoan hartuta prestatu du ahots taldeak errezitaldia. Enrique Azurzak zuzenduta ariko da KEA. Sarrera doan izango da.

Ganbera-abesbatza da KEA, eta XX. eta XXI. mendeetako doinuak interpretatzen ditu, gutxien jendarteratutako obrak, euskal konpositoreen obretan arreta berezia ipiniz.

Javier Bello-Porturi hilondoko omanaldia egin zion Euskalerriaren Adiskideen Elkarteak 2004ko maiatzean, Azkoitiko udaletxean.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide