Txalon Errekan etxebizitza publikoak sustatzeko Jaurlaritzarekin akordioa egitea erabaki du udalak

Nerea Uranga 2021ko urt. 12a, 19:15
Txalon Erreka auzoa. (Argazkia: Andoni Elduaien)

Txalon Errekako 10 sektorean babes publikoko etxebizitzak sustatzeko, Eusko Jaurlaritzaren, Azkoitia Lantzen SAren eta Azkoitiko Udalaren artean hitzarmena egitea onartu du udalak. Aspalditik datorren "prozesu luze bat" bukatzeko bidea dela azaldu du Ana Azkoitia zinegotziak. Akordioaren bidez, hiru partzela salduko dizkio Azkoitia Lantzenek Jaurlaritzari.

Eusko Jaurlaritzak Azkoitiko Txalon Errekako 10 sektorean babes publikoko etxebizitzak sustatzeko hitzarmena egingo du Azkoitia Lantzen SArekin eta Azkoitiko Udalarekin. Jaurlaritzako Gobernu Kontseiluak iazko azaroaren 17an eman zuen Azkoitiko Udalarekin lankidetza hitzarmena sinatzeko baimena, eta horri esker, Txalon Errekan alokairurako babestutako 40 etxebizitza eraiki ahal izango ditu Jaurlaritzako Lurralde Plangintza, Etxebizitza eta Garraio Sailak. Akordio horren arabera, Jaurlaritzak Txalon Errekako 10 sektoreko 1, 2 eta 3 partzelak erosiko ditu; guztira, 1.227 metro koadroko lursaila. Trukean erakunde horrek 1.080.910 euro ordainduko ditu lursailengatik. Gaur egun Azkoitia Lantzen SArenak dira lurrak.

Azkoitiko Udalean 2020ko azken ezohiko udalbatzarrean, abenduaren 30ean, onartu zuten Txalon Errekan babes publikoko etxebizitzak sustatzeko, Eusko Jaurlaritzaren, Azkoitia Lantzen SAren eta Azkoitiko Udalaren arteko hitzarmena. EAJko eta PSE-EEko udal ordezkarien aldeko botoa jaso zuen hitzarmena egiteko erabakiak. EH Bildukoak abstenitu egin ziren eta Azkoitia Baiko udal ordezkariak ezezko boza eman zuen.

Jaurlaritzarekin egin duten akordiora iristeko prozesua "nahikoa korapilatsua eta luzea" izan dela azaldu zuen Ana Azkoitia Ogasun zinegotziak udalbatzarrean: "Txalon Errekako 10 sektorean hiru partzela genituen, 1, 2 eta 3 bezala ezagutzen direnak. Adostasunera iritsi gara horiek Jaurlaritzari saltzeko, erakunde horrek egunen batean bertan babes publikoko etxeak egin ahal izateko".

Txalon Errekako 10 sektoreko hiru partzela horiek Azkoitia Lantzen SArenak dira, eta horietako partzeletako bat etxebizitza libreak egiteko izendatuta dago arau subsidiarioetan. Hori izan da Jaurlaritzarekin hitzarmena egiteko oztopoetako bat, baina udalak horri irtenbidea aurkitu diola azaldu zuen Azkoitiak, Intsaustiko lurzati baterako aurreikusitako babes publikoko asmoarekin trukea eginda. "Eusko Jaurlaritzak ezin ditu erosi etxebizitza libreak egiteko partzelak. Horri irtenbidea emateko, udalak hitzarmenean konpromisoa hartu du Txalon Errekan aurreikusten diren hamasei etxebizitza libre horiek babes ofizialeko bihurtzeko, eta trukean Intsaustirako aurreikusitako babes ofizialeko hamasei etxebizitzak libreak izango dira". Truke hori egin ahal izateko, arau subsidiarioak aldatzeko eta Plan Orokorra egokitzeko prozesua jarriko du martxan udalak.

Jaurlaritzarekin egingo duten hitzarmena "garrantzitsua" dela nabarmendu zuen Ogasun zinegotziak: "Azkoitia Lantzenentzat da garrantzitsua batik bat. Izan ere, akordioari esker diru bat lortuko du Txalon Errekarako aurreikusita duen bidea martxan jarri ahal izateko".

EH Bilduko udal ordezkariak akordioa egitea erabakitzeko orduan abstenitu egin ziren. Hala azaldu zuen beren bozaren arrazoia Iraitz Otaño zinegotziak: "Arau subsidiarioak berritu egin behar dira gure ustez, zaharkituta gelditu direlako. Gai horren inguruan Udal Gobernuarekin dugun desadostasuna tarteko abstenitu gara".

Azkoitia Bai herri plataformako Jose Joakin Etxanizek, berriz, bere ezezkoa botoa arrazoitu zuen udalbatzarrean: "Azkoitia Lantzenen arazoa aspalditik datorkigu; sortu zen garai hartatik gure ustez, eta horregatik guk ez dugu sozietate horretan parte hartzen. Txalon Errekari lotuta sinatuko den akordio honek herritarrei onurak ekarriko dizkie ziur asko; dena den, guk Azkoitia Lantzeni lotutako edozein gairi ezezko botoa ematen jarraituko dugu".

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide