Testura taldeak musikarekin eta irudiekin girotu zuen Matadeiko igande eguerdia

Anartz Izagirre 2021ko urt. 11a, 14:00

Urteko lehen kontzertuaz gozatzeko aukera izan zuten atzo, igandea, Matadeira gerturatu ziren herritarrek. Ainhoa Beristain argazkilariak emanaldiko hainbat une jaso zituen argazkietan.

Testura taldeak emanaldia eskaini zuen atzo, igandea, Matadeixen, eta laukotearen kontzertuaz gozatzeko abagunea izan zuten hara joan ziren herritarrek. Matadeiko urteko lehen kontzertua izan zen atzokoa, eta Ander Mujikak, Felix eta Johannes Buffek nahiz Maialen Belaustegik ikusleen arreta bereganatu zuten irudiak eta musika uztartuz.

Napoka Iria desegin ostean, hainbat proiektutan ibili zen Ander Mujika musikaria, eta 2017 eta 2019 urteen artean egindako zirriborroen garbiketa egin ondoren, horiek landu eta sei pieza eta kantu bildu zituen. Geroago, aspaldiko laguna eta taldekidea duen Felix Buffena jo zuen kontrapuntu eta berotasun bila (Willis Drummond, Joseba Irazoki eta Lagunak, Botibol…). Berak eman zizkion bestelako geruzak eta soinuak proiektuari. Bien artean azken ukituak eman ondoren, Johannes Buffi (Dalek, Zombie Zombie, Thurston Moore…) erakutsi zioten pieza bilduma. Azken horrek soinua borobildu eta nahasketa txukundu zuen. Azkenik, Maialen Belaustegik (aka Dodoma) diskoaren inguruko irudi guztia landu zuen, gardenkien proiektore bat baliatuz.

(Argazkiak: Ainhoa Beristain - Beris Photography)

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide