140 neska-mutilek parte hartu dute Gabonetako patata tortilla lehiaketan

Ihintza Elustondo 2021ko urt. 4a, 15:23

Artxamendi topalekuak antolatuta, patata tortilla lehiaketa egin dute gaur Kontzejupean. Bi tortilla saritu ditu epaimahaiak: Elene Isasarena eta Maialen Arratibelena izan da hautatuetako bat, eta Jon Ucinena, Julen Sanzena eta Aimar Ormazabalena bestea. 

Gabonetako Gazte Astearen barruan, patata tortilla lehiaketa antolatu ohi du Artxamendi topalekuak, eta aurten ere ez du hutsik egin ekintza horrek. Gaur goizean, gazteak gogotik saiatu dira tortillarik onena egiten. Guztira, 40 taldek eta 140 neska-mutilek parte hartu dute, eta talde bakoitzak tortilla bat aurkeztu du lehiaketara. Tipularekin, tipularik gabe, piperren bat apaingarri jarrita… denetariko tortillak ikusi dira gaur Kontzejupean.

Epaimahaiak ez du lan erraza izan tortilla guztiak dastatzen eta haiek baloratzen. Azkenean, bi sari eman dituzte epaimahaiko kideek; haien ustez bi tortilla onenak izan direnak saritu dituzte. Lehenengo txandan, Elene Isasa eta Maialen Arratibel izan dira sarituak; bigarrengoan, berriz, Jon Ucinen, Julen Sanzen eta Aimar Ormazabalen tortilla izan da onena.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide