2020: ahazteko, gogoratzeko

'Ikusiko dugu', Juan Luis Romatet kazetariaren artikulua eta Daniel Carballoren ilustrazioa

'2020: ahazteko, gogoratzeko' artikulu sortako azken partean, 2021az idatzi du Juan Luis Romatet UKTko kazetari zumaiarrak, eta testuan oinarrituta sortu du ilustrazioa Daniel Caballo artista zumaiarrak. 

Olinpiar Jokoak bisurtean ospatzen badira, baina aurten pandemiagatik olinpiadarik izan ez bada, benetan bisurtea izan al da? Eta, datorren urteko udan Tokioko Olinpiar Jokoak ospatzen badira, 2021 hori bisurtea bihurtuko ote dute? Eguzki izpiak ari dira pixkanaka pertsianaren zirrikituetatik sartzen, kostata bada ere, eta halako gauzak pentsatuz hasi dute eguna gorputzarekin batera esnatu diren neurona apurrek.

Jaiki, kafea prestatu, ordenagailua piztu eta prentsa digitala irakurtzen hasi naiz. Urte berezia izan da hau, suabe esateagatik, baina albiste gehienak betikoak dira: politikeria nonahi, Reala ondo baina ikusiko dugu denboraldia nola bukatuko duen, eta Fermin Muguruza bere gauzak promozionatzen, ohikoa duen bezala… Wuhango azokatik ateratako birus nimiñoa da aurtengo berrikuntza, urtea desberdina egin duena.

Dutxan sartu –gosaldu eta prentsa irakurri ondoren dutxatzen naiz, urak eta xaboiak albiste horiek sortutako zikina gainetik kenduko balidate bezala– eta, ur beroa sorbaldan behera jaisten zaidan bitartean, beste pentsamendu bat etorri zait burura: polenaren alergia badut, udaberrian doministikuka eta sukarrarekin egoten banaiz, eta aurtengo udaberrian ez badut alergiaren ondoriorik jasan, benetan izan al da udaberririk 2020. urte honetan? Edo urtaro bakarra izan dugu, Pandemia izenekoa; amaierarik ez duen amesgaiztoa, gutxienez datorren urtera arte luzatuko dena. Zumaiarra izanda eta flyscha hor egonda, Lurrean garai batean izandako Pangearekin –kontinente guztiak biltzen zituen masa– geologiaren eta meteorologiaren arteko paralelismoa egitera nindoan, baina ez da hau ez lekua, ez garaia.

Urteko hitza aukeratzen dute Pompeu Fabra Unibertsitateak eta Institut d’Estudis Catalansek. Hau idazterako orduan ez dakit zein izango den hitz hori (sororitatea, ahizpatasuna izan zen iaz), baina pandemia hitzak ez luke urruti egon behar. Pandemiak baldintzatu du aurtengo urtea. Pandemiak eraman gaitu krisialdi larri batera; bai osasun krisialdira, bai ekonomikora. Pandemiagatik hil dira ehunka lagun Euskal Herrian. Pandemiagatik itxi dituzte edo itxiko dituzte mila eta bat enpresa, negozio, taberna, jatetxe, denda, proiektu, areto. Pandemiagatik daude sektore batzuk kili-kolo. Pandemiagatik moldatu behar izan dugu gure egunerokoa. Pandemiagatik sustatu da telelana, bere alde onekin eta txarrekin. Pandemiak jarri du gure bizitza hankaz gora. Pandemiak eragindako beldurragatik utzi diogu zine saioetara, kontzertuetara, mezetara joateari. Pandemiak eraman ditu bestela oraindik ere beraien artea erakusten ariko ziratekeen hainbat musikari edo aktore. Pandemiagatik ikusi dugu elkar ordenagailuetako eta mugikorretako pantailetan, eta ez aurrez aurre. Pandemiagatik ezin dugu besarkatu, muxurik edo eskurik eman, eta keinu irrigarri horiek egin ditugu, agintariek egiten dituzten bezala. Pandemiagatik ohitu gara maskarak eramatera eta etxeetan gordetzera. Pandemiagatik gure bizitza, gure bizimodua ez da berdina, eta ikusiko dugu behin txertoen ondoren aurreko bizitzara bueltatuko garen, edo agintari politikoek iragarri ziguten “normaltasun berri” horretara moldatu beharko dugun. Psikologoek, adituek eta, nola ez, telebistetako debate saioetako tertulianoek diote hemendik ez garela lehen ginen bezalakoak aterako. Edonork daki hori; ni, behintzat, ez naiz gai ezer iragartzeko.

Urtea amaitzear da, eta badirudi bigarren olatua ari dela baretzen. Ikusiko dugu Gabonen ondoren hirugarren olatu bat datorren, Aste Santuaren ondoren laugarrena, eta behin irailean Castrotik bueltatzen garenean bosgarrena.

Ikusiko dugu ez den hau izango etorkizunean erasoko gaituzten birus hiltzaileetatik lehena. Hori gure oinordekoek jakingo dute. Akaso ordurako izango dute beraien arbasoek bizitako hau guztia jasoko duen libururik, Daniel Defoeren Izurritearen urteko egunkaria nobelaren antzerako bat. Baina, ikusita gure herri hau nolakoa den, batere harritu ez hemen ere kontaketaren bi ikuspuntu izatea: Arambururen sosia batena alde batetik, eta beste guztiena bestetik.

Bitartean, bukatu dadila urte madarikatu hau, datorrena askoz hobea izateko itxaropen handirik ez badut ere.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide