Alik egindako artelanen erakusketa zabalik dago Torre Zurin

Nerea Uranga 2020ko abe. 27a, 16:45

Azken bi-hiru urteetan egindako lan batzuk jarri ditu erakusgai Iñaki Zabala Alik Torre Zuri erakustokian. Azkenaldian egiten ari den "esperimentazio" lanen erakusgarri dira ikusgai eta salgai jarri dituen koadroak. Urtarrilaren 6ra bitartean egunero zabalduko du erakusketa.

Abenduaren 24an zabaldu zuen bere lanen erakusketa Iñaki Zabala Ali margolariak Torre Zuri erakustokian. Azken bi-hiru urteotan egindako lanak dira bertan erakusgai eta salgai jarritako obrak. Lau urte inguru dira azkoitiar margolariak azken erakusketa jarri zuela, eta oraingo hau "asko pentsatu" gabe jarri duela azaldu du: "Lan dezente neukan sortuta, eta hori jendeari erakustea pentsatu nuen. Hala, erakusketaren ideia sortu, eta erakustokia libre egokitu zen".

Azkenaldian, artelanak egiteko "esperimentatzen" ari denaren erakusgai dira Torre Zurin jarri dituen koadroak. "Orain ari naiz paperak margotu eta elkarri itsatsita koadroak egiten. Erre ere egiten ditut irudi desberdinak sortuz", azaldu du Alik.

Irudi desberdinak ikus daitezke Torre Zurin dauden Aliren koadroetan. Baina bakoitzean zer adierazi nahi izan duena azaltzea baino, nahiago du ikusleak berak interpretatzea. "Koadroan zer ikusten duen, erakusketara doan bakoitzak berak interpretatzea nahiago dut. Izan ere, pertsona bakoitzak gauza desberdina ikus dezake koadro bakar batean".

Koadro bat baino gehiagotan begiak ikusten dira. "Erakusketan begi asko dago. Izan ere, asko begiratzen dugu, baina gutxi ikusten dugu", azaldu du margolari azkoitiarrak. Joskurak azaltzen diren artelanak ere jarri ditu Torre Zurin Alik. "Erakusketan jarri dudan koadro handian joskura asko azaltzen dira, eta horiek bizitzaren bilakaeran ditugun joskuren adierazgarri dira. Erloju bat ere agertzen da bilakaera hori irudikatuz".

Beste koadro batean, berriz, mezu bat idatzi du Alik. Koadro hori egiten ari zela kasualitatez egokitutako kontua izan zela azaldu du: "Lan hori egiten ari nintzela, Jose Luis Otamendi idazle azpeitiarraren liburu bat neukan aurrean, eta hango poema batean esaten denari erantzunez idatzi nuen koadroko mezua. Otamendik poeman dio 'Itxaropena ez dadin lizundu', eta horri erantzunez 'lizundu da' idatzi nuen nik koadroan".

Alik urtarrilaren 6ra bitartean edukiko du Torre Zurin erakusketa zabalik: astegunetan 11:30etik 13:00etara eta larunbatetan, igandetan eta jaiegunetan 12:30etik 14:00etara nahiz 18:30etik 20:00etara.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide