Aizterri Homek, Iturria parafarmaziak eta Prest tindategiak irabazi dute XXIV. Erakusleiho lehiaketa

Anartz Izagirre 2020ko abe. 23a, 13:38

Guztira, hamahiru saltokik parte hartu dute lehiaketan, eta horietatik hiru saritu ditu epaimahaiak. Herritarren saria, berriz, Beatriz Pozo dekoratzaileak jaso du, eta Facebookeko saria, Iturria parafarmaziak.

Banatu dituzte dagoeneko XXIV. Erakusleiho Lehiaketako sariak. Aurtengo edizioan, guztira, hamahiru saltokik parte hartu dute lehiaketan, eta horietatik hiru izan dira saria jaso dutenak: Aizterri Home, Iturria parafarmazia eta Prest tindategia —lehena, bigarrena eta hirugarrena, hurrenez hurren—. Azkoitiko Udalak azaldu duenez, sormenean eta originaltasunean maila handia erakutsi dute parte-hartzaileek, eta "dotore" apaindu dituzte beren erakusleihoak. Puntuazioari dagokionez, tarte gutxiko aldea izan dute hiru irabazleek; Aizterri Homek 40 puntu erdietsi ditu, Iturria parafarmaziak 37'5 eta Prest tindategiak 35.

Bestalde, Herritarren Saria eta Facebookeko Saria ere banatu dituzte. Lehena Beatriz pozo dekoratzaileak jaso du; bigarrena, aldiz, Iturria parafarmaziarentzat izan da. Beraz, parafarmaziak bi sari eskuratu ditu aurtengo edizioan. Horrez gain, lehiaketan botoa eman duten herritar guztien artean 50 euroko bono bat zozkatu dute; Itziar Izagirre izan da sariduna.

Joan diren urteetako edizioetan sari banaketa ekitaldia egin izan dute, baina osasun krisa dela eta, aurten Azkoitiko Udaleko eta Herrixen merkatari elkarteko ordezkariak irabazleen saltokietara joan dira sariak eramatera. Ana Azkoitia udaleko zinegotzia eta Luis Aizpuru arduratu dira sariak banatzeaz.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide