Olentzerori gutunak bidaltzeko hiru gune egokitu dituzte herrian

Ihintza Elustondo 2020ko abe. 18a, 10:50

Hilaren 24an, herrian zehar ibiliko da Olentzero. Hari gutuna idazten dioten eta udalak egokitutako punturen batean uzten duten haurren artean zozketa egingo dute.

Olentzeroren gutunak jasotzeko zakuak ipiniko dituzte gaur herriko hiru gunetan: Aizkibel liburutegiaren aurrean, Elkargunearen aurrean eta udaletxearen aurrean. Olentzero Azkoitiko Udalarekin harremanetan jarri da, eta hark jakinarazi du hilaren 24an, goizez, herrian zehar ibiliko dela han-hemenka. Olentzerok adin bat badu dagoeneko, eta bere nahiz besteen osasuna zaindu nahi duenez, aurten jendetzak saihestea komeni zaiola esan du, eta, beraz, nahiago duela kaleetan eta auzoetan aurkitzen dituen umeei sorpresa eman.

Hori bai, Olentzerok, urtero bezala, haurrak animatu ditu gutuna idaztera, eta eskatu du horretarako egokitutako puntuetako batean uzteko gutunazalak.

Zozketa

Olentzerori gutuna idatzi eta udalak egokitutako punturen batean uzten duten haurren artean zozketa egingo da, eta opari sorpresak banatuko dituzte. Beraz, garrantzitsua da gutunazalean izen-abizenak eta telefono zenbakia jartzea.