'Haizearen egia' Saharari buruzko film laburra emango dute Azkoitian

Nerea Uranga 2020ko abe. 18a, 10:09

Saharari buruzko Haizearen egia filma aurkeztu eta solasaldia egingo dute abenduaren 22an, 18:30ean, Elkargunean. Film labur hori Ekain Albite zumaiarrak zuzendutakoa da, eta berak ere parte hartuko du emanaldiaren ondorengo hitzaldian Fatimetu Zenan eta Mariam sahararrekin nahiz Darahli elkarteko Samuel Ruizekin batera.

Euskal Herrian bizi den Tahar 20 urteko sahararraren istorioa kontatu du Ekain Albitek Haizearen egia film laburrean. Haren familia Tindufeko errefuxiatuen eremuan bizi da, eta handik dei bat jasoko du berri txar batekin: aita hilzorian dago. Saharara itzuliko da eta han aurre egingo dio iraganeko oroitzapenei eta kontraesanei.

Film labur hori ikusteko aukera izango da abenduaren 22an, asteartean, 18:30ean, Elkargunean. Emanaldiaren ostean, filmaren ekoizpenaz eta Saharako egoeraz mahai ingurua egingo dute eta bertan parte hartuko dute Albitez gainera, Fatimetu Zenan eta Mariam sahararrek nahiz Darahli elkarteko Samuel Ruizek.

Haizearen egia film laburra Maluta* Filmsek ekoiztu du, eta Zestoako eta Zumaiako udalen, Euskal Fondoaren, Daralhi eta Wadna elkarteen nahiz Eusko Jaurlaritzaren laguntza jaso du. Lekeitiko Euskal Zine Bileran epaimahaiaren aipamen berezia jaso du.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide