Akabo Errege Kopako ametsa

Andoni Elduaien 2020ko abe. 17a, 21:46

Getafek penalti bidez lortu du sailkapena. (Argazkiak: Aitziber Arzallus)

Getaferi hortzak gogotik estutu dizkio Xabier Artetxe entrenatzaileak zuzentzen duen Anaitasunak. Markel Eskurtza taldeko kapitainak egin du Anaitasuna aurretik jartzeko gola, baina madrildarrek azken minutuetan irauli dute neurketa. Azken unean eta penaltitik irabazi dute Azkoitian. 

Anaitasuna partida berezi asko jokatutakoa da historian zehar, baina gutxi gaur bezain oihartzun handikoak. Madrilgo Getafe futbol taldearen aurka balentria historikoa egitetik gertu egon da Azkoitiko futbol taldea. Hasi eta buka, harro egoteko moduko neurketa egin dute gorrixek Txerloian, aurkariari inbidia gutxi izateko moduko 96 minutu jokatu dituzte azkoitiarrek Getaferen aurka. Hasieratik amaierara arte hortzak gogotik estutu dizkio Anaitasunak Getaferi, eta azken unean eta penaltiz lortu dute madrildarrek sailkapena Txerloian.

Neurketari pare-parean ekin diote Anaitasunak eta Getafek; ez da inondik inora bi taldeen artean egun dagoen maila desberdintasuna nabaritu. Epaileak hasiera emateko txistua jo duenetik, gorrixek oldarkor agertu dira zelaian. Getafe Anaitasunaren zelaitik ahalik eta urrunen edukitzeko asmoz plazaratu dira berdegunera, eta lortu dute, madrildarrek ez baitute arriskurik sortu Mikel Ruiz atezainaren atean. Minutuek aurrera egin ahala, ordea, Getafek bereganatu du baloiaren jabetza, baina ez dio etekin gehiegi atera jabetzari; Anaitasuna, lerroak elkar hartuta eta sendo, bikain aritu da defentsa lanean.

Nola Anaitasunak hala Getafek joko zuzena erakutsi dute Txerloia futbol zelaian, eta zelai erdiko jokoa nagusitu da, bereziki; aukerak urriak izan dira lehen 45 minutuetan, bi taldeek ez baitute kasik aurkariaren atera jaurtiketarik egin. Xabier Artetxeren mutilek geldikako jokaldietan lortu dute Madrilgo taldearen area zapaltzea. Getafek, berriz, ordu erdia iritsi denean hartu du estuen Anaitasuna, eta hegaletatik hasi da iristen, arrisku gehiegi egin gabe.

Atsedenaldira hutsean iritsi da partida, lanik astunenak bigarren zatirako utzita. 46. minututik aurrera, ordea, Getafek Anaitasunari ez dio utzi lehen zatiko jokamoldea errepikatzen, eta madrildarrek Anaitasuna beren zelaian sartu dute lehen unetik. Hala eta guztiz ere, albistea eta ezustekoa Anaitasunak eman du. 54. minutuan, gorrixek ezker hegaletik erdiratutako korner batean Markel Eskurtza kapitainak Anaitasuna aurretik jartzeko gola egin baitu buruz. Getafeko atzelariak lo harrapatu dituzte azkoitiarrek, eta bigarren zutoinaren parean bakar-bakarrik zegoen kapitainak ez du hutsik egin ate hutsaren aurrean. Jokalariak, harmailetan ziren klubeko ordezkariak eta nola ez, etxetik begiak pantailari kendu gabe neurketa jarraitzen ari ziren zaleak pozez zoratzear ziren une hartan; Anaitasuna Lehen Mailako Getaferi ari zen irabazten.

Anaitasunak ikaragarri zaildu dizkio lanak Jose Bordalas entrenatzaileari, eta segituan erreakzionatu du hark. Lehen Mailako partidetan hamaikakoan zelairatu ohi dituen jokalariak aulkitik zelairatzeko erabakia hartu du Bordalaes, aurka zuen markagailua berdindu asmoz. Aldaketak egin eta berehala, madrildarrek bi abagune garbi sortu dituzte banakoa egiteko, baina Ruiz atezain zarauztarrak atepean sekulako geldiketak egin ditu Anaitasuna irabazten mantentzeko.

Bi taldeak gero eta urduriago nabaritzen ziren zelaian. Anaitasunak, gero eta gertuago zuen miraria lortzeko markagailua defendatu behar zuelako, eta Getafek, bere burua Errege Kopatik kanpo ikusten zuelako une hartan. Anaitasunak apenas atera du burua bere zelaitik, baina 69. minutuan Mikel Aramendiren eta Mikel Arzalluzen arteko jokaldi batean izan du taldeak bi eta hutsekoa egiteko aukera. Handik lasterrera, ordea, Anaitasunaren ametsa zapuzten hasi da, Madrilgo taldeak banakoa egiteko gola egin baitu. Area ertzeko akzio konbinatu on batean, eskuin aldetik jasotako erdiraketan lortu du Enes Unal turkiarrak partida berdintzea.

Banakoarekin Anaitasunari asko kostatu zaio bere areatik irtetea, eta Getafek hori baliatu du Anaitasuna pixkanaka-pixkanaka atzerago sartzeko. Kontuak kontu, Anaitasunak azken hitza berea izatea nahi zuen, eta 84. minutuan Mikel Aramendik jokaldi polit bat egin eta gero, Xabi Azkoitiak izan du Anaitasuna berriz aurretik jartzeko aukera. Azkoitiarrak gutxitan, baina txukun aritu dira madrildarren zelaian sartutakoan.

Epaileak sei minutuko luzapena eman duen bezain pronto sartu da Anaitasuna zaleen gorputzean izua, Getafe goletik gertu ikusten baitzen. 91. minutuan, Cordero Vega epaileak Getaferen aldeko penaltia ikusi du area barruko jokaldi batean. Markel Eskurtzaren eta Xabi Azkoitiaren artean Angel aurrelari kanariarra zangotrabatu dutela iritzi dio partidako epaileak. Angel berak hartu du 11 metrotako jaurtiketa egiteko ardura, eta aurrelariak Getaferi sailkapena eman dion gola egin du.

Azken minutuetan, Anaitasuna duen guztiarekin joan da Getaferen area ertzera, baina ez du gola egiteko aukerarik egin. Getafek, aldiz, kontraerasoan bi aukera argi izan ditu, baina Mikel Ruizen eta defentsa lanetan ari ziren jokalarien artean bat eta biko markagailuari eutsi diote. Bat eta biko emaitzarekin, Getafe hurrengo kanporaketara sailkatu da. Anaitasunak, berriz, Txerloian amaitu du Errege Kopako ibilbidea. Azkoitiarrek gaur itxi dute historiako liburuan Errege Kopako pasartea, inoiz berriz irekitzeko itxaropenarekin.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide