Kattu zenaren arreba

Arantxa Oñederra: "Biktima guztiak berdinak direla esaten dute, baina ez dituzte modu berean zaindu eta defendatu"

Andoni Elduaien 2020ko abe. 18a, 08:01
Arantxa Oñederra, Kattu zenaren arreba. (Argazkia: Anartz Izagirre)

Bihar 37 urte beteko dira GALek Ramon Oñederra Kattu azkoitiarra Baionako Kaietenea tabernan tiroz erail zuenetik. Arantxa Oñederra (Azkoitia, 1956) bere arrebak hilketa "barru-barruan gordeta" du oraindik ere, eta aitortu du "urduri" jartzen dela pentsatzen jarrita. Gaur, 18:30ean, 'Estatu terrorismoaren ondorioak' hitzaldia emango du Ane Muguruza, Josu Muguruza zenaren alabarekin eta Egiari zor elkarteko Tasio Arrizabalagarekin batera, Elkargunean.

37 urte beteko dira bihar GALek zure anaia hil zuenetik. Nola oroitzen duzu egun hura?

Guztia berritzen zait urtero aste hau iristen denean; hura beldurgarria izan zen. Lanetik etxera iritsi eta afaltzen ari ginela, telefonoak jo zuen. Senarrak hartu zuen deia, eta etorri zenean esan zuen: «Ramon hil dute». Baionako Kaietenea tabernan egiten zuen lan nire anaiak. Ordurako urduri genbiltzan, izan ere Lasa eta Zabala falta ziren eta haiek ikusten azkena Ramon nire anaia izan zen. Bien bila ari ziren, ezin aurkituta, eta gero, kolpera, anaia hil zuten. Lanean bakar-bakarrik ari zela tiroa botata hiltzea ikaragarria izan zen. Oraindik ere urduri jartzen naiz pentsatzen jarrita. Iaz gertatu izan balitz bezala oroitzen dut. Barru-barruan daukat gordeta.

Zer-nolakoak izan dira urte hauek zuentzat?

Gorabehera askoko urteak izan dira. Urte batzuetan ahaleginak egin ziren hilketa guztiak argitzeko; beste urte batzuk, berriz, apalagoak izan dira. Azkoitiko herriak eta Ezker Abertzaleko kideek urtero-urtero oroitu izan dute Ramon, eta horrek nire gurasoei, bereziki, ilusioa egiten zien; poza hartzen zuten herritarrak beren semeaz oroitzen zirela ikustean. Bisitak-eta egiten zizkieten etxera, eta lore eskaintzak nahiz xake txapelketa antolatzen zituzten. 37 urtean urtero egin izan da zerbait Kattu gogoan izateko.

Garrantzitsua al da familiarentzat oroimen ekitaldiak egitea?

Horrelako omenaldiak-eta eginda, beti asebetetzen da bat. Xake txapelketa, adibidez, guretzat berezia izaten da; oso oroimen polita da senitartekoentzat. Anaitasuna Kakute xake taldeko arduradunek zintzo jokatu dute gurekin. Ramon xake zalea zen, asko gustatzen zitzaion xakean jokatzea. Hil zuten egunean ere xake partida jokatu zuen lagunekin, eta adiskideek taberna utzi zutenean hil zuten. Zain-zain egon ziren bakarrik harrapatzeko.

GALek aitortu zuen lehen hilketa izan zen zuen anaiarena. Hala ere, kasua argitu gabe dago, ezta?

Ez da ezer argitu, ez. 1992an edo 1993an Oñederra kasua izenarekin epaiketa hasi zuten; beste hilketa batzuk ere sartu zituzten kasuaren barruan. Baltasar Garzon epaileak hartu zuen kasua, pixka bat aztoratu zuen gaia, baina gerora bertan behera gelditu zen. Bazekiten nortzuk izan ziren hilketaren egileak, baina ez zuten inor kondenatu, probarik ez zegoela argudiatuta; itxurakeria hutsa izan zen hura.

Kasua, gainera, itxita dago. Nola sentitu zarete zentzu horretan?

Abokatuen bitartez beti ari gara aitortza eskatzen. Zati bat jaso genuen, baina gerora kendu egin ziguten, aitorpena ukatu egin baitziguten. Abandonu hutsa izan da gurea. Ez dakit beraien demokrazia hotz hori zer-nolako demokrazia den. Batzuk biktimak gora eta biktimak behera aritzen dira, baina, mespretxuz hartu gintuzten orduan. Hemen dagoen justiziarekin, ordea, itxuragabe sentitu gara. Ezker Abertzaleko kideek asko lagundu digute moralki.

Hilketaren erantzule zuzenik ez egoteak utzi al dizue aurrera egiten?

Iñigo Iruin abokatuak eman izan du anaiaren kasua. Hura beti dago gainean, beti presente egon da. Iaz, Felipe Gonzalez eta GAL lotzen zituzten kontuak atera zirenean, zerbait mugituko ote zen pentsatu genuen, baina segituan zapuztu zitzaigun pentsakera. Ez dute hor sartzeko gogorik, dauden egoeran segitzea komeni zaie. Biktima guztiak berdinak direla esaten dute, baina ez dituzte modu berean zaindu eta defendatu. Itxaropen guztiak galtzen dira azkenean.

Ba al duzue gertaera argitzeko esperantzarik?

Batzuetan iruditzen zait baietz, gauzak aurreratzen ikusten direlako zenbait gauzatan. Dena den, ez dut inolako itxaropenik. Hemen ez diote jaramonik egiten Bruselak agindutako epaiei ere; ordena eta agintea dituzte mugarri. Aurrera begira, Euskal Herriaren historiarako-eta kontuak argitzen badituzte, ondo, baina momentuan ez dugu esperantzarik.

Hilketak galderak sorraraziko zizkizun. Zer galdera datorzkizu burura oraindik?

"Zergatik?", galdetzen diot behin eta berriz nire buruari. 23 urteko mutil alai bat zen Ramon. Lanean ari zen, ez zen ekintza batean parte hartzen ari. Ondo kontrolatuta zuten, beraz, anaia. Hil eta hara joan ginenean, anaiak etxekooi inoiz esan ez zigun kontu bat azaldu ziguten Ramonen hango lagunek: Lasa eta Zabala desagertu ondoren, hurrengoa bera izango zela esaten omen zuen anaiak. Eta halaxe izan zen, hurrengoa Ramon izan zen. Gatazka ikusten genuen, eta garai hartan urte oso gogorrak bizi izan genituen Euskal Herrian, baina urrats handiak egin ziren. Gerora, bisitak-eta egiten hasi ginen Ipar Euskal Herrira; asteburuetan-eta joaten ginen noizean behin, eta oso oroitzapen politak ditut. Gero, gauetik egunera, gauzak okertzen hasi ziren.

Biktimen eskubideak dira egia, justizia eta erreparazioa. Egia eta justizia ez dituzue jaso, baina erreparaziorik bai?

Bai, errekonozimenduaren zati bat jaso genuen hasieran; lehen urteetan jaso zuten gurasoek. Zati txiki bat izan zen, ordea. Guri zegokigun kalte ordain guztia ez zigutela eman esan zigun abokatuak, beste biktimen familia batzuei gehiago eman baitzieten. Gainera, euskal gobernua hasi zen hori guztia mugitzen; nahi duenean gora eta nahi duenean behera ibiltzen da. Orduan, Espainiako Gobernuak ukatu egin zigun biktima izatearen errekonozimendua ere, eta abokatuen bitartez saiatu ginen kendu ziguten aitormena berreskuratzen.

Estatu indarkeriaren existentzia ukatzen segitzen du batek baino gehiagok. Zer esango zenieke horiei?

Estatu terrorismoa ukatzeko zer ikusten duten galdetuko nieke; ez dakit zergatik ukatzen duten. Garbi dut hemen estatu terrorismoa egon dela, eta gainera, garbi dugu bizi osoan egon izan dela. Urte asko pasatu dira, eta ez digute gure dolua behar bezala egiten utzi. Guztien egia eskatzen dut, ez bakarrik alde bakarrarena; guztiena.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide