Komikilaria

Asisko Urmeneta: "Sorgin ehiza bezala ezagutzen den jazarpenaren berri eman nahi dut Azkoitian"

Andoni Elduaien 2020ko abe. 17a, 08:00
Asisko Urmeneta, hitzaldi batean. (Argazkia: Ander Basate)

Asisko Urmeneta (Iruñea, 1965) marrazkilariak eta komikigileak 'Sugarren mende. Sorgin ehiza Euskal Herrian' hitzaldia eskainiko du bihar, ostirala, Elkargunean, 18:30ean. 'Sugarren mende' izeneko komiki liburua argitaratu berri du nafarrak, eta 1526. urtetik 1616. urtera bitartean Euskal Herrian izandako sorgin ehizari buruz idatzi eta marraztu du, Euskal Herriko narratiba nazionalaren lehenbiziko oinarriak eraiki asmoz. Hitzaldian azalduko dituen hainbat gairi buruz hitz egin du Maxixatzenekin.

'Sugarren mende. Sorgin ehiza Euskal Herrian' hitzaldia eskainiko duzu ostiralean. Zer ekarriko duzu Azkoitira?

Sorgin ehiza bezala ezagutzen den jazarpenaren berri eman nahi dut Azkoitian, XVI. eta XVII. mendeetan bereziki Lapurdin eta Nafarroan eman zena. Irakurketa integral bat egingo dut, orain arte ez baita egin serio eta euskaraz. Espainiako inkisizioak zituen 21 tribunalen inguruan ez dago monografiarik, ezta arautegi bateratuaz ere. Lapurdin, aldiz, jazarpena Bordeleko tribunaletik etorri zela aztertu da. Euskal Herriko kokapen edo ikuspegi propiorik ez da egin oraindik; ez da gaia landu. Ikuspegi horretatik egin nahi dut irakurketa Azkoitian. 

Hitzaldia, gainera, ez da soilik zure azalpenetara mugatuko.

Nik bi makulu behar izaten ditut gauzak azaltzeko; batetik, hitza, eta bestetik, marrazkia. Bi lanabes horiek baliatuko ditut azalpenak emateko. Gaur egun burmuinak eskertu egiten du marrazkien bidez azalpenak ematea. Hitzaldiak oinarri grafikorik gabe ematea debekatuta diot nire buruari. 

Sugarren mende komiki liburua ere argitaratu duzu. Zerk bultzatu zintuen?

Zugarramurdiko herritar batzuen eskariak eraman ninduen liburua osatzera. Zugarramurdi sorginen herritzat hartua delako da ezaguna munduan. Mendeetan inkisidoreen ikuspegitik ikusia izan da, eta azken urteetan herria turistez bete da. Herritar talde bat kezkatuta zegoen egoera horretaz, eta behingoagatik, betirako argi utzi nahi izan dute beraien lekukotza. Zugarramurdiko herritarrek esaten dute 'sorginak' deitzen ziren haiek gure arbasoak zirela, eta gainera, sorginak ez zirela esanez hil zituztela; zugarramurdiarrek ukatu egiten dute sorginen epiteto hori. Inkisizioaren garaian, kargu guztiak onartzen zituzten herritarrak salbatu egiten zituzten, baina sorginak zirela ukatzen zuten pertsonak sutan edo urkatuta hiltzen zituzten. Euskal Herrian, orokorrean, interes handia dago gaian eta sakonki hunkitzen gaitu. Aldi berean, ordea, ez da behar bezala aztertu. Ezinegon horrek bultzatuta Zugarramurdiko herritarrek proiektu bat abiatu zuten, eta liburua idazteko lana gogotik hartu nuen.

Lau mende atzera egin behar izan duzu liburua osatzeko. Erraza izan al da ikerketa lana?

Ez naiz dokumentazio eta paper zaharren artean arakatzen ibili, bere garaian paper gehienak erre egin baitzituzten. Inkisidoreek agindutako zigorraren barruan zegoen memoriaren zigorra ere, alegia, akusatuak arrastorik ez uzteko erre zituzten, baita beren dokumentazio guztia ere. Loturak egin ditut, egiten ez diren loturak. Erabili dudan materiala klasikoa da, munduan eta Euskal Herrian argitaratutakoa. Historiografia espainiarra, eta barnean sartzen da Hego Euskal Herrikoa, pertsona haiek leizeetan bilduta zer egiten zuten esplikatzera mugatzen da, eta drogarik hartzen zuten edo erritu prekristaurik ba al zuten idaztera. Argia eman nahi izan diot makineria errepresiboari. Ez naiz historialaria, ni marrazkilaria naiz, eta libreago izaten ditut eskuak loturak egiteko. Gozamena izan da, baina harridura ere sortu dit.

Zerk harritu zaitu, bada, gehien?

Duela 400 urteko gaiek zer gaurkotasun duten ikusi dut; hori egin zait harrigarriena. Bordeleko inkisidore laikoak eta Elizako inkisidore espainiarrak elkar hartuta ibili ziren jazarpena antolatzen. Etsai sistemak aurkari bat behar du bere desmasiak justifikatzeko. Boterea eraiki zuten eguneroko legeak gaindituz, jendea juridikzio eta salbuespeneko tribunal berezi baten aurrean epaitzeko. Etsai bat aurkitzeko izen bat asmatzen zen eta asmatzen da, sorgina hitzetik hasi eta komunismoa, masoneria, terrorismoa, sedizioa edo yihadismoa izenetaraino. Sistemak jendearen kontra edozein delitu klase asmatzen zuen, horien gainetik nahi zutena egiteko. Era berean, harridura sortu dit sorginaren kontuak. Sorgina aipatu eta belarretan ibiltzen den emakume zahar baten irudia datorkigu burura, eta ez da horrela. Garai hartan elite oso bat kendu zuten gainetik. Inkisidore frantses batek aipatzen du, Lapurdiko sorgin bilkuretan elkartu zela Lapurdiko jende aberatsena. Nafarroako beste inkisidore baten esanetan ere, Nafarroako jende nobleena eta ospe handikoena akusatu zuten sorgin izatearen aitzakiapean. Hemen lider sozialak eta politikoak gainetik kendu zituzten mende oso batez.

Lana herriz herri ari zara zabaltzen. Zein da zure helburua?

Aurten ez da Durangoko Azokarik egin, eta niretzat oso zaila da ohiko bideetatik edizioa salbatzea. Liburuak aktibismorako artefaktuak izan dira niretzat, eztabaida zintzoak abiatzeko eta herriz herri solasteko. Logroñon sutara kondenatu zituzten haiek izan ziren urte batzuk lehenago Zugarramurdi herriaren independentzia Etxeberria etxean sinatu zutenak. Urdazubiko abadiagatik askatzeko eta sistema horretatik libre izateko bildu zituzten sinadurak. Abadiak, ordea, ez zuen hori barkatu, eta urte batzuk beranduago sorginak zirela leporatu zieten herritar haiei, eta erre egin zituzten. Zugarramurdin abiatu dutena egitea nahi dut.

Zer egin dute Zugarramurdin?

Herritar batzuk beste irakurketa baten ingurutik abiatu dira, eta sagarrondo bat landatu dute duela 400 urte independentzia sinatu zuten Etxeberria etxearen aurrean. Gaur egun, turistak Auschwitzera joaten dira presoekin han egiten zituzten masakreak ikustera. Zugarramurdin, irakurketa duin bat egin asmoz eta arbasoak ohoratuz, antzeko zerbait egin nahi dute. Azaldu nahi dute, sutan erretako herritar haiek ez zirela izan sorginak, baizik eta botereak jasan ezinezko herritarrak izan zirela, eta horregatik egin zizkietela injustiziak.

Zein bide hasi nahi duzu istorio honekin?

Narratiba nazional propioa izatea da egin nahi dugun bidea. Badakigu ezinezkoa dela herri ez librea garen heinean, baina ahal den neurrian, has gaitezen irakurketatik eta kokapenetik kontatzen; eztabaida zintzo bat abiatu nahi dugu. Euskal Herrian herri askotako festa ugaritan ospatzen dira sorgin erretzeak; zigortuak izan ziren eskualdeetan egin ohi dituzte, bereziki. Halako herrietan irabazleen kontaketa nagusitu da, injustizia ikaragarria izan zena folklorea eta ezereztea bilakatu da. Gure planteamendua da gauzen irakurketa berriz egitea, eta euskaldunak garen heinean, gure arbasoen memoria ohoratzea eta duintasuna ematea. Goazen Euskal Herri osoan narratiba nazionalaren lehendabiziko oinarriak sortzera.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide