Arraindegi atzeko lana

Andoni Elduaien 2021ko urt. 2a, 10:15

28 urte ditu Jakes Alberdik, eta zortzi urte beteko ditu urtarrilean Itziar arraindegiko arduradun lanean. Aurrez, ordea, udaro laguntzen zion aitari, harena baitzen lehen arraindegia. Asteartetik ostegunera bitartean, Pasaiako (Gipuzkoa) portura joaten da Azkoititik 04:00etan abiatuta, 08:30ean arraindegia ireki eta bertan arraina saltzen hasteko. Alberdik egunero egiten duen bidaiaren lekuko izan da Maxixatzen.

Errepidean

Goizeko 04:00etan furgonetaren motorra pizten duenean hasten da Jakes Alberdiren lana. Azkoititik Pasaiara joaten da goizero asteartetik ostegunera bitartean, arrainaren bila. Getariako haztegira ere joan ohi da itsaskiak erostera.

Arraina erosten

Portura iritsi bezain laster, ezagunak dituen hornitzaileengana jo du Alberdik, arrainak erosteko edota enkargatuta zituen produktuak hartzeko. Pasaian elkartzen dira hainbat arraindegitako arduradunak. Goizeko ordu txikiak izan arren, kontzentrazioa eta tentsioa nabariak dira portuan.

Organ kargatzen

Lehen arrain piezak eskuratutakoan, autoan berekin eraman duen organ kargatu ditu produktu guztiak. Hainbat joan-etorri egin ditu azkoitiarrak lonjetatik furgonetara bidean.

Enkantean

Itsasoentziek portura ekarritako legatzak ikusi ditu lehenik Alberdik, eta hori egin ondoren, lonjen atzean egin den enkantera joan da. Azkoitian legatzaren eskari handia dagoela dio Alberdik, eta prezio onenaren zain egon ondoren, hainbat ale erosi ditu.

Erositakoa furgonetara

Erositako arrain guztien kaxak autoan kargatzen hasi da pixkanaka-pixkanaka Alberdi. Pasaiako lana amaitutakoan, furgoneta hartu eta Azkoitirako bidea hartu du.

Arraina arraindegira

Arraindegi aurreko kafetegian gosaldu ondoren, furgoneta husten hasi da azkoitiarra poliki-poliki. Guztiak arraindegi barruan utzi ditu.

Mostradorea prestatzen

Arraindegian beste bi langilek ere egiten dute lan, Izaskun Larrañagak eta Nekane Aramendik. Arraina iritsi aurretik mostradorea prestatzea eta arrainak banan-banan han jartzea da beraien lana, eta nola ez, herritarrei arrainak saltzea.

Saltzeko ordua

Heldu da eguneko lehen bezeroa Itziar arraindegira. Alberdik Pasaiatik ekarritako produktu guztien artean aukeratzen nahiko lan izan du.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide