Erretratua

Jon Andoni Martin: "Bizitzaz ikasteko modua da niretzat argazkilaritza"

Andoni Elduaien 2021ko urt. 4a, 11:35
Gorka LarraƱagak Jon Andoni Martin argazkilariari egindako marrazkia.

Argazkilaritza digitalean egin zituen lehen urratsak Jon Andoni Martin (Azkoitia, 1964) argazkilariak. Ostalaritza munduan egiten du lan, Otarre jatetxean, eta jai egunak baliatzen ditu argazkilaritzaren historian zehar landu diren tekniketan eta metodoetan sakontzeko, eta berak dioen moduan, "ikasten jarraitzeko". Duela bost urte murgildu zen prozesu horietan azkoitiarra estudio bat prestatuta. Prozesu horiek barrutik ezagutu ditu Maxixatzenek.

Txiki-txikitatik izan du Jon Andoni Martinek kamera lagun. "10 edo 12 urte nituela –dio argazkilari azkoitiarrak– argazkilaria izatea erabaki nuen. Gogoan dut Yashica kamera erosi nuela, eta lehen urratsak modu automatikoan egin nituela", hasi da Martin argazkilaritzarekin lotutako lehen oroitzapenak azaltzen. Lehen argazki haiek piztu zioten "barruko arra" eta argazkilaritzan "sakontzea" erabaki zuen. "Hasieran, analogikoarekin aritu nintzen, paisaiak eta erretratuak argazki egiten. Gerora digitalera pasatu nintzen, baina orduz geroztik argazkilaritzaren historian zehar landu diren teknikak lantzen joan naiz poliki-poliki atzeraka eginez", azaldu du Martinek. Argazkilariak bere estudioko armairu batean txukun-txukun gordeta ditu bere ibilbidean erabilitako argazki kamera guztiak.

Eta argazkilaria izateaz harro sentitzen da Martin, nola ez. "Bizitzaz ikasteko modua da niretzat argazkilaritza; dena ematen dit eta argazkilaria izatea niretzat guztia da. Argazkiak nola egin probak eta saiakuntzak egiten ditut. Gustatzen zait esperimentazio lana egitea, eta gainera, horrela gozatzen dut gehienbat. Informazioa bilatzen aritzen naiz Interneten; irakurtzen dudan guztia dago argazkilaritzari lotuta", azaldu du argi eta garbi. Argazkilaritza bere bizitzaren "osagarria" ere badela uste du Martinek. "Oso gustura egiten dudan lana da. Pozak atsekabeak baino gehiago dira, estudioan sartzen naizenean oso gustura egoten bainaiz", azaldu du.

Historian zehar argazkiak egiteko erabili diren teknikak lantzen ditu orain Martinek. Duela bost bat urte hasi zen bide horretan. Azkoitiarrari argazkiak euskarri fisiko baten gainean ikustea gustatzen zaio, eta horrek eraman zuen beretzat berriak diren argazkia egiteko metodo zaharrak ikastera. Nagusiki, kolodioi hezea eta becquerel dagerrotipoa dira Martinek egun lantzen dituen bi teknikak. "Teknika horiekin hastea erabaki nuen, ez zaidalako gustatzen argazkia ordenagailuan gordeta edukitzea. Nahiago dut argazkia eskuan, paperean, liburuan, plakan, kristalean, aluminioan edota harri batean ikustea. Modu digitalean lan egiten nuenean ere, beti paperera pasatzen nituen argazkiak. Lan digitala gustatzen zait, baina ez argazkiak ordenagailuan edukitzeko. 300 argazki ateratzen baditut ere, bi edo hiru gorde egiten ditut eta paperera pasatu". Hein handi batean, pentsakera horrek bultzatu zuen Martin teknika zaharrak ikastera.

Teknika zaharren ikaslea

Egun, nagusiki, bi teknika ari da lantzen Martin. Alde batetik, kolodioi hezea teknika erabiltzen du argazkiak egiteko. Bestetik, becquerel dagerrotipoa ere badarabil bere lanetan argazkilariak. Kolodioi hezea teknika Gustave Le Grayk deskribatu zuen lehendabizikoz, eta Frederick Scott Archerrek sintetizatu zuen 1851. urtean. "Argazkilaritzako lehen iraultza demokratizatzaile handia eragin zuen teknika horrek, argazkiak egitea jende askoren esku jarri baitzuen orduan. Gainera, dagerrotipoa eta beste teknikak baino merkeagoa da, eta arrisku gutxiago du", adierazi du. Martinek "artisautzarekin", "alkimiarekin" eta "argazkilaritzarekin" lotu du kolodioi hezea. "Ez du zerikusirik oraingo gure mugikor eta gailu digitalekin", nabarmendu nahi izan du argazkilariak.

Segidan, kolodioi hezearen prozesua oso-osorik azaldu du Martinek, Maxixatzeni prozesuaren partaide izateko aukera eskainita. “Baliabideak prestatuz hasten da prozesua, plaka garatzerakoan eragiten duten kimikoak nahastuz. Guztia kontrolatu behar da une oro giro baldintzak egokiak izan daitezen eta elementu kimikoen batura hauskorrak bere lana egin dezan", hasi da. Kolodioia plaka batera isurita hasi du prozesua Martinek. "Kolodioiak metodo honetan film fotografikoaren lana egin ohi du aluminiozko eta beirazko plaka baten gainean. Ondoren, ordurako emultsionatutako plaka zilar-nitratoko bainu batean sartu behar izaten da minutu batzuetan. Une horretan, erreakzioa sortzen da kolodioiean esekita dauden gatzekin, eta fotosentikor bihurtuko da guk hautatutako plaka". Behin hori eskuratuta, plaka txasis batean sartu behar dela dio, beti ere ilunpean, eta gero txasis hori kameran kargatu. Pauso horiek egindakoan, argazki kamera batekin lan egin behar dela dio Martinek. "Argazkian jarri behar da gero arreta guztia. Horretarako, segundo batzuetako esposizioa behar da, eta argazkian agertuko den pertsonak geldirik egon behar du. Behin argazkia egindakoan, txasisa kameratik atera eta laborategira eraman behar da. Han, errebelatze klasikoko hiru faseak egin behar dira, eta azken emaitza lortuko dugu. Halere, kontu handiz garbitu, lehortu eta barnizatu behar da plaka, argazkiak iraupen luzeko propietateak bereganatu ditzan". Kolodioi hezea teknikan erretratuak lantzen ditu gehien bat argazkilariak. "Erretratuak ateratzeko teknika aproposa da kolodioi hezea. Oso erretratu desberdinak dira, eta jendea harrituta gelditzen da bere buruaren erretratua teknika honekin eginda ikusten duenean. Hau ni al naiz?, esaten du askok. Jendeari gustatzeko, badu zerbait berezia. Gero, gainera, jendea harritu egiten da argazkia egiteko prozesua ikusten duenean".

Martinentzat bide horretan dena da ezinbestekoa. "Oso garrantzitsua da prozesu guztia ondo egitea. Ondo prestatuta ere kostatu egiten da batzuetan, pentsa. Eragina du, era berean, argazkia egiten ari natzaion modeloaren egoerak", esan du. Eta horri lotuta, anekdota bitxi bat kontatu du argazkilariak. "Behin neska bati argazkia atera nion kristalean. Kristala barnizatzeko berotu egin behar izaten da aurretik, eta berotzen hasi nintzenean puskatu egin zen. Argazkia galdu genuen… Deitu nion argazkia hautsi zitzaidala esateko. Hark ez arduratzeko esan zidan, bera ere barrutik hautsita zegoela eta, familiako arrazoi pertsonal bat tarteko. Kristala bera bakarrik puskatu zen. Uste dut hala behar zuelako hautsi zela, modeloa bera ere berdin baitzegoen. Niretzat guztia dago lotuta", azaldu du.

Kolodioi hezeaz gain, becquerel dagerrotipoa teknika da Martinek asko lantzen duen beste argazkilaritza metodoa. 1839. urtean iragarritako eta zabaldutako lehen argazki prozesua izan zen becquerel dagerrotipoa. Dagerrotipo izenez ere ezaguna, Louis Daguerrek garatu eta hobetu zuen metodoa, J.N. Niepcek 1826. urtean egin, baina argitaratu ez zuen esperientzian oinarrituta. Berehala hasi da prozesua azaltzen Martin. "Dagerrotipoa egiteko, kobrezko plaka batean mekanikoki zilar geruza bat finkatu behar da haren alde batean; horretarako, bainu elektrolitoak erabili behar dira. Zilarreztatutako aldea ispilua bezala leuntzen da, eta han eratzen da irudia", hasi da. Dagerrotipoa "zuzenean positibatutako negatiboa" dela dio argazkilariak; izan ere, beltzak sortzeko ispiluaren distirak dituen islatze propietateak erabiltzen ditu. "Dagerrotipoa, gainera, merkurial edo becquerel motakoak dira. Merkurialak merkurioarekin errebelatzen dira, eta becquerelak iragazki gorri batekin babestuta eta eguzkitan jarrita". Martinek adierazi du lortzen diren irudiak "oso hauskorrak" direla. "Ez dira ukitu behar beren kutxatilatik kanpo, sortzen diren kalteak konponezinak baitira. Kutxa horiek ireki gabe gorde behar dira”, gaineratu du. Halaber, dagerrotipoak "pieza bakarrak" dira azkoitiarrarentzat. "Ezin da kopiarik egin, ez baitago negatibo egokirik. Dagerrotipoa negatiboa eta positiboa da aldi berean, eta begiratze angeluaren eta plakak jasotzen duen argiaren arabera, era batera edo bestera ikus daitezke", nabarmendu du.

Etenik gabeko autoikaskuntzan

Ikastaro bakarren batean parte hartutakoa bada ere, Martin argazkilariak berak bakarrik ikasi ditu egun lantzen dituen metodo horiek. Aitortu du ez duela bere lanetan oinarritzeko argazkilari erreferenterik. "Batzuk argazkilari erreferenteak izan dituzte. Niri argazkilaritza gustatzen zait, eta informazioa behar dudanean Interneten edo liburuetan hasten naiz bila; behar beste denbora hartzen dut horretarako. Irakurritako lan hori nola egiten den ikusi, eta ahal dudan moduan praktikan jartzen hasten naiz, prozesu hori pixkanaka ikasten. Behin eta berriro praktikatuz ikasten dira argazkiak egiteko teknika zahar hauek", esan du argazkilariak.

Bere autoikaskuntza horretan hobetu ahal izateko bidean, bere gabeziak zein diren ere badakizki orain; inork esan gabe ohartu da zein den bere hutsune nagusia. Horrela dio: "Inspirazioa eduki behar da argazki onak ateratzeko, eta uste dut inspirazioan edo sormenean dudala hutsunerik handiena. Ez naiz oso kreatiboa. Falta zait argazkia atera behar diodanari modu batera edo bestera jartzeko esatea. Emazteak, adibidez, hori lantzeko esaten dit. Batzuk ezerezetik lortzen dituzte argazki onak, baina niri asko kostatzen zait. Sarritan argazkiak ateratzera irteten naizenean ere, ez dut jakiten zeri egin argazkia; besteetan, berriz, irten orduko asmatzen dut. Egunak izaten dira".

Argazkiak egiteko behar diren materialen aldetik ere guztia du Martinek; ez da ia ezer sartzen bere estudioan. Argazkiak egiteko behar duen hainbeteko espazioa dago ozta-ozta han. Estudioaren ertz batean dagoen aulkiak eta hura argitzen duten flashek deitzen dute arreta, eta noski ulertzekoa da hori Martinen erantzuna entzunda. "Garrantzitsuena argia da, argazkilaritzan funtsezkoa da argi ona edukitzea. Azkoitian oraintxe dugu eguzkia, gero lainoa, euria… Oso klima aldakorra dugu. Argia da argazki on bat egiteko gakoa, izan ere argia dena da lan honetan. Alde horretatik nahiko osatuta dut estudioa, baina gustatuko litzaidake beste flash bat edukitzea, 1.000 voltekoa, argazkiei indar gehiago emateko. Duela gutxi erosi dut bat, eta denborarekin erosiko dut beste bat. Ilusioz gainezka nago, eduki behar den guztia dut lanerako eta gauzak egiten jarraitzeko. Askotan argazkia ateratzeko modeloak falta izaten ditut", esan du azkenean barretxo batekin.

Eta metodoak landu asmo dituenari azken mezua. "Asko praktikatzeko esango nioke. Ikastaroak ere leku askotan aurki daitezke, baina garrantzitsua da ondo informatzea eta praktikan jartzea. Material eta denbora asko behar da. Pentsa, niri pare bat urte pasatu zitzaizkidan informatzen hasi, kimikoak erosi, horiek prestatu eta lehen argazki txukuna egiterako. Denbora asko behar da lanaren lehen emaitza jasotzeko", zabaldu du lau haizetara aholkua Martinek. Usoak hegan bezala, mantso eta dotore jarraitu du lanean Martinek, argazkilaritzaren historia gaurkotzen.

Motzean

Adina: 56 urte.

Ikasketak: autoikaskuntzaz, argazkilaritza. Beti izango naiz afizionatua, beti ari bainaiz ikasten.

Lanbidea: ostalaria.

Argazkilaria ez banintz… zerbitzaria. Gustuko dut zerbitzaria izatea. 16 urtetik ari naiz horretan.

Argazkiak ateratakoan gogoko dut… etxekoekin edo lagunekin egotea.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide