Bestaldetik

Tomas Lizarazu: "Musikak balio izan dit aurreiritziak albo batera uzten ikasteko"

Aitziber Arzallus 2020ko abe. 29a, 10:00

Musikarekin hazi eta hezi da Tomas Lizarazu (Azkoitia,1993), eta musikarik gabe ez litzateke bera. Orain arteko ibilbidean estilo asko lantzeko aukera izan du, beste horrenbeste taldetan. Une gozoak bizitzen ari da orain Bulego taldearekin; egiten duten urrats txiki bakoitza beraientzat lorpen bat dela esan du. Elkarrizketa 2020ko abenduko Maxixatzen aldizkarian argitaratutakoa da.

Nor da Tomas Lizarazu?

Azkoitiar bat, 27 urtekoa, musika asko gustatzen zaiona. Baina musikaz aparte, baditut beste zaletasun batzuk eta beste ogibide bat ere: industria diseinuko eta produktu garapeneko ingeniaritza ikasketak egiten nituen, eta diseinatzaile bezala lan egiten dut; lehen Gasteizen, eta orain, Azkoitian bertan.

Nolakoa zinen txikitan?

Oso bihurria nintzen. Floreagan ikasi nuen, eta han begirale izan nuen batek hamar bat urtera esan zidan artean nirekin akordatu egiten zela; nire garaiko umerik gaiztoena izan nintzela. Neu ez nintzen gogoratzen begirale harekin.

Formal itxura daukazu, bada.

Gerora formaldu nintzen. Nik uste oraindik ere badaukadala hiperaktibo puntu bat, baina urteekin ikasi egin dudala energia hori bideratzen. Umetan ezin izaten nuen geldirik eta isilik egon, mugimendua behar izaten nuen, eta asko hitz egiten nuen. Eskolako notetan ere beti gauza bera jartzen zidaten: jarrera hobetu beharra neukala, gutxiago hitz egin eta arreta handiagoa jarri.

Umetako zer oroitzapen dituzu?

Oroitzapen oso onak, gehienok bezala nik uste. Lagunekin ibiltzea gustuko nuen, udalekuetan oso ondo pasatzen nuen beti, eta eskolaz kanpoko jarduera pila bat egiten nituen. Musikarekin lehen harremana ere oso umetan izan nuen; 4 bat urterekin hasi nintzen musika eskolan, pack osoan: korua, solfeoa, biolina, saxofoia… Eta kirola ere egiten nuen. Oso ona ez nintzen, musikan kirolean baino gehiago nabarmentzen nintzen, baina nahiko altua nintzenez, moldatzen nintzen.

Zer moduzko ikaslea zinen?

Ondo konpontzen nintzen, aparteko arazorik gabe. Egia da alfer samarra nintzela; askotan, hasierako azterketetan nahiko nota kaskarrak ateratzen nituen, eta gero, errekuperaketetan, egundokoak. Irakasleei ez zien grazia handirik egiten horrek, eta errieta batzuk entzun behar izaten nituen.

Nondik datorkizu musikarako zaletasuna?

Etxetik, beti egon da giro hori: musika klasikoa jarrita eta ama kantatzen. Familia musikazalea dut, gehienbat amaren aldekoa; izeba zena ere piano jotzailea eta musika eskolako irakaslea zen.

Zein izan zen zuk eskuratutako lehen diskoa?

AC/DCren disko bat izan zen, osabak eta lehengusu batek oparitu zidaten. Asko markatu ninduen. Gogoan dut haien autoan joaten ginenean, AC/DC jartzeko eskatzen niela beti, eta etxean ere zaleak izan gara.

Lehen musika ez zen gaur bezain eskuragarria…

Ez, eta ume batentzat are gutxiago. Hasieran, Olentzerotan-eta eskatzen nituen diskoak, eta gero hasi nintzen Internetetik jaisten: Aresetik, Emuletik eta horrelakoetatik. Horrek sekulako aukerak ematen zizkidan, ez dago konparatzerik gaur egungoarekin, baina bazen zerbait. Kalean musika talderen baten kartelen bat ikusten banuen, baneukan etxerako lana; haiek zeintzuk ziren jakin behar izaten nuen.

Noiz hasi zinen musika egiten?

Biolina jotzen 4 edo 5 urterekin hasi nintzen, eta zortzi bat urtean jardun nuen. Bukaerako urteetan, gustuko nituen kantuen partiturak ateratzen zizkidan irakasleak, eta haiek jotzen nituen. Ez zen musika egitea, baina nolabait hor hasi nintzen musika neure erara interpretatzen. Eta musika egiten hasi nintzen AC/DCren diskoa oparitu zidan lehengusuak Gabon batzuetan gitarra elektrikoa oparitu zidanean. Nik ez nuen gitarrarik eskatu, artean burutik pasatu ere ez zitzaidan egin, baina hura nire eskuetara iritsi zenean mundu berri bat ireki zitzaidan. 14 bat urte izango nituen orduan, eta alboan bizi zirenek ederki sufrituko zuten. Zapata kaxa baten tamainako anplifikagailu batekin aritzen nintzen, topera jarrita, egun guztian. Biolina eta saxofoia jotzen banekien, baina gitarra jotzen arrastorik ez, ezta nola afinatzen zen ere. Gogoan dut gitarra entxufatu eta gau guztian jardun nuela. Gero hasi nintzen pixkanaka-pixkanaka ikasten; oinarria baneukan, neure kabuz ikasi nuen, nahikoa erraz. Bertsioak egiten hasi nintzen aurrena, lagunekin geratu eta elkarri kantuak erakusten…

Ba al zeneukan zure moduko jendea inguruan?

Azkenean, denean bezela da: futbola gustatzen zaiona futbola gustatzen zaionarengana inguratuko da, eta musika gustatzen zaiona musika gustatzen zaionarengana. Pixkanaka zure pareko jendea topatzen joaten zara, zaletasun eta kezka antzerakoak dituena. Diskoak trukatzen genituen, original batetik mila kopia egin arte; Emulen-eta topatzen genituen taldeez-eta hitz egiten genuen… Eta norbait zerbait irakasteko prest bazegoen, han izaten nintzen ni. Alai Batzan ibiltzen ginen orduan, eta gogoan dut tartean behin salestarren bat etortzen zela gitarrarekin eta hark ere gauzatxoak irakasten zizkigula.

 

"Gitarra hura nire eskuetara iritsi zenean, mundu berri bat ireki zitzaidan"

 

Zein izan zen zuk parte hartu zenuen lehen taldea?

Alai Batzatik antolatzen zituzten jardueren bueltan sortutako bat uste dut. Tarteka beste herri batzuetara irteerak eta beste eskola batzuetako jendearekin ekintzak egiten genituen; jolasak, kontzertuak eta abar. Gitarra neukanez, hura erabili nahi izaten nuen nik, eta halaxe elkartu nintzen gaur egun Bulegoko bateria den Xabirekin eta beste lagun batzuekin. Orduan hasi ginen lehenengo kantuak sortzen, eta publikoaren aurrean ere orduan jo genuen lehendabiziko aldiz. Baina lehenengo talde-taldea Garraxika izan zen, gerora Sardintzarrak izango zena. 15-16 urte izango nituen, eta Iraurgin ibiltzen nintzen saskibaloian. Azkoitiko eta Azpeitiko jendea elkartu ginen Iraurgin, eta horrek aukera eman zidan jende berria ezagutzeko. Azpeitiarrekin ibiltzen hasi nintzen, Azpeitiko Gaztetxean eta. Behin, entrenamentua bukatu eta aldageletan geundela edo, lokaletik pasatzeko esan zidaten. Entsegua bukatzerako lehenengo kontzertua prestatu beharra zegoela esaten ari ginen.

Entseatzen hasterako, lehenengo kontzertuarekin pentsatzen...

Orduan hala izaten zen, eta orain ere pixka bat bai, nik behintzat horrela funtzionatzen dut, berehala etortzen naiz gora.

Erraz ateratzen zinen jendearen aurrera?

Oso erraz, sekula ez zait kostatu izan; kontrakoa, horixe gustatzen zitzaidan. Musika eskolan ibiltzen nintzenean biolina jo izan nuen bakarbakarrik Baztartxo guztiaren aurrean, patxada ederrean.

Noiz hasi zinen kantatzen?

Txitxarron izan zen nire lehen aldia. Garai hartan, ohitura zen Batxilergoko lehendabiziko mailako ikasleek Txitxarron dirua lortzeko desfilea egitea. Gitarra joko al nuen galdetu zidaten; hasieran ezetz esan nien, eta azkenean kantatzen bukatu nuen. Gogoan dut Knockin' on Heaven's Door, Wonderwall eta beste kanturen bat-edo jo genituela. Eta behin Txitxarrokoa bukatuta, betikoa, hori ez zegoela horrela lagatzerik, eta taldea sortu genuen: Moonlight. Popetik gertuago zegoen zerbait egin nahi genuen, ez genekien oso garbi zer, baina hasi egin ginen. Denboraldi batean ibili ginen, kontzertu batzuk eman genituen, motibazioa galdu genuen arte.

 

"Lehenengo entsegua bukatzerako kontzertuekin pentsatzen hasten ginen"

 

Eta gero etorri zen Passepartout, ordura arteko proiekturik serioena.

Urteak bete ahala gauzak serioago hartzen joaten zara. Musika egitea gustatzen zaigulako sartzen gara proiektuetan, baina azkenean, talde bat ondo antolatzeak denbora asko inbertitzea eskatzen du, eta ez duzu nahi izaten denbora alferrik galtzea. Passepartoutek bidea hasita zuen ni sartu nintzenerako. Lehenengo kontzertua eman aurretik ailegatu nintzen taldera, baina ordurako, lokalean ordu batzuk sartutakoak ziren. Xabik, Jontxuk, Rubenek eta Albertok osatzen zuten

taldea, sartu nintzen gero, Albertoren ordezko bezala edo, kanpora joatekoa zelako. Ikusten zen landutako proiektua zela, gogoarekin ari zirela. Ziurrenik adinagatik ere izango zen, baina ordura arte ibili nintzen taldeetan nahiko normala zen entseatzera berandu azaltzea, edo ez azaltzea, edo kontzerturen batera pixka bat ukituta azaltzea. Baina Passepartoutek beste itxura bat ematen zuen, itxura oso ona, eta horregatik batu nintzen. Lan pila bat egin genuen, ordu asko sartzen genituen lokalean, eta Passepartoutek eman digu Bulego sortzeko oinarria. Asko ikasi genuen, gehienbat nola ez egin gauzak, denbora zertan galtzen genuen… Eraginkor funtzionatzen ikasi genuen.

Eta egindako lanak fruituak eman zituen, ezta?

Maketa atera genuen, eta maketako Belats kantua aurkeztu genuen Gaztearen Maketa Lehiaketara. Bi sari banatzen dituzte, eta guk irabazi genuen ikuslearena. Sekulakoa izan zen. Garraxika eta Moonlight tadeetatik netorren; kontzertu pila bat emandakoa nintzen, baina ia denak herrian, eta bat-batean, hastea talde berri batekin, ateratzea bost kantu, kantu horiek estudioan grabatzea, eta horietako batekin Maketa Lehiaketan sari bat irabaztea kristorena izan zen. Horrek bultzada handia eman zigun lanean jarraitzeko; guk egindakoa publikoari gustatu zitzaiola jakitea motibazioa zen kantu berriak sortzen jarraitzeko.

Baina zerbaiten falta sumatzen zenuten…

Sariari esker kontzertu batzuk eman genituen, baina laster bueltatu ginen betiko martxara. Lanean jarraitzen genuen, gauzak sortzen, baina gehiagora ez ginen joaten. Gertatzen zen proposamenak berak ez zeukala jomuga bat, gauza asko egin nahi genituen, oso zabala zen, baina gero horrek berak barreiatu egiten gintuen. Ondo pasatzen genuen musika egiten, eta musika oso konplexua egiten genuen, ordu asko sartzen genituen, baina gero ez ginen jendearengana ailegatzen. Azpeitian, Azkoitian eta Zestoan ezagutzen gintuzten, baina, adibidez, joan Andoaingo Gaztetxera kontzertu bat ematera, eta igoal egongo ziren zortzi lagun begira eta haietatik lau azkoitiarrak.

Eta, halako batean, erabaki zenuten Passepartouten ibilbidea bukatutzat ematea.

Passepartouten azken diskoa kaleratu eta gero hartu genuen erabakia. Asko-asko landutako diskoa egin genuen, diseinua zainduta, ekoizle batekin, estudio bat alokatuta, eta diskoak ez zuen irteerarik izan. Diru mordoa inbertitu genuen eta ez zuen ezertarako balio izan; askoz hobe genukeen instrumentu berriak erosi eta lokalean jotzen gelditu izan bagina. Baina ez zen hori bakarrik; geuk oso ondo pasatzen genuen arren, ikusten genuen ez zegoela feedbackik, ez ginela jendearengana iristen. Eta horrez gain, konturatu ginen gure musika interesak ere aldatzen ari zirela, garatzen, atentzioa deitzen zigutela beste gauza batzuek, ordura arte entzun gabeko gauzek.

 

"Jendaurrean lehen aldiz Txitxarron kantatu nuen Batxilergoko desfile batean"

 

Orduan erabaki zenuten bost taldekideok Bulego abiaraztea?

Ni konturaru naiz aurreiritzi pila bat nituela. Horretaz jabetu naiz musikari esker, musikarekin hori gertatu zaidalako argi eta garbi, baina gero ikusi dut gauza bera gertatzen zaidala beste arlo askotan ere. Zentzu horretan, musikak balio izan dit aurreiritziak albo batera uzten ikasteko. Hasierako urteetan, Garraxikaren eta Sardintzarraken garaian, Piperrak, Su ta Gar eta horrelako taldeak entzuten bazenituen ondo, baina Loquillo entzuten bazenuen, agian, ez horren ondo; badaezpada ezkutuan entzun behar. Moonlighten garaian, berriz, Loquillo entzuten bazenuen ondo, Oasis entzuten eta guzti hasi ginen, baina artean beste pauso bat ematea falta. Passepartouten garaiaren bukaera aldera, musika entzuten eta elkarrekin partekatzen hasi ginen, eta konturatu nintzen niretzat berriak ziren estiloetara ari zitzaidala irekitzen burua, elektronika ukitua dutenetara eta. Hasi ginen kantu berriak konposatzen eta ikusi genuen zerbait aldatu beharra geneukala, kantu haiek ezin genituela Passepartoutekin atera, eta erabaki genuen proiektu berri bat eraikitzea, hutsetik.

Nola eraiki duzue Bulego?

Garbi geneukan proiektu berri horrek izan behar zuela zehatza, eduki behar zuela jomuga bat eta estilo bat sortu behar genuela, eta ez zela dena kabituko. Ikusi genuen nazioarteko talde askok proposatzen zutena ez zela musika hutsa, baizik eta estetika bat, arropa batzuk, tipografia bat, kolore bat, bideoklip mota bat…Eta esan genuen: "Zergatik ez dugu horrelako bat montatzen?". Eta pixkanaka-pixkanaka gauzak definitzen hasi ginen. Lehendabizi, musika estiloa, eta ez zen izan batere erraza. Adibidez, musikari bezala, instrumentuak beste era batera jotzen ikasi behar izan dugu. Guk ezer ez dugu asmatu, beste batzuek nola egin duten ikusi dugu, eta hortik abiatuta geurea sortu dugu. Guk hori egin dugu, eta esan egiten dugu; eta egongo dira egiten dutenak eta aitortzen ez dutenak ere. Eta beste batzuk agian egingo zuten, baina naturalki, horrenbeste pentsatu gabe. Azkenean, garai bateko punk taldeek-eta horixe egiten zuten; musikaz gain saltzen zuten estetika bat, arropa mota bat, jarrera bat…

Zuek musikariak zarete, eta hori musika baino asko gehiago da.

Bulego ez da musika talde soil bat, da diziplina anitzeko proiektu bat; arlo askotako profesionalek osatzen dugu lantaldea, eta gutako bakoitzak bere zereginak ditu. Agertoki gainera igotzen garen bost musikariok musika egiteaz arduratzen gara batez ere, eta gero beste gauza batzuetaz arduratzen diren profesionalak daude: Eneko Aranbarri arropez, Ander Azpiazu koloreez eta estetikaz, Zeziliok webgunearekin lagundu digu, Ane Lizarralde da gure community managerra eta Eñaut Gaztañaga produkzioan eta postprodukzioan laguntzen ari zaigu.

Eta oraingoan bai: Bulegok izan duen harrera ikusita, asmatu duzuela dirudi.

Oso-oso pozik gaude. Gerta zitekeen kristoren lana egitea, kristoren ilusioa jartzea, denbora eta diru mordoa inbertitzea eta gero esperotako erantzunik ez jasotzea aukera bat zen. Edo gerta zitekeen lehendabiziko kantua kaleratu, aurkezpen kontzertua egin, pandemia etorri eta dena zapuztea. Taldea publikoki aurkeztu eta bete-betean harrapatu gintuen honek guztiak eta hasieran kristoren kolpea hartu genuen, baina esan genuen geldirik ez ginela geratuko, geure esku zegoen guztia egingo genuela, egoerak ahalbidetzen zuen horretara egokitu eta etengabe gauza berriak sortzen joango ginela, eta horretan ari gara. Orain arte jaso dugun erantzuna ezin hobea izan da, baina ez da izan kasualitatez etorri zaigulako, hilabete hauetan guztietan eguneroegunero egiten ari garen lan guztiagatik baizik. Pauso txiki bakoitza lorpen bat da guretzat, eta ikaragarri disfrutatzen ari gara.

Nola moldatzen zara denera iristeko?

Nire lana eta taldea bateragarriak dira, biak egiten ditut, baina lan asko eginda. Bulegori dagokionez, oso urte indartsua ari da izaten eta lanetik aparte geratzen zaidan denborarik gehiena eta energia asko horretan inbertitzen ari naiz; egia esan askoz gehiago egiteko denborarik ez zait geratzen.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide