Martuteneko presoentzako material bilketa egingo du Espetxe Pastoraltzak

Andoni Elduaien 2020ko abe. 9a, 12:05

Martuteneko espetxea. (Argazkia: Irutxuloko Hitza)

Taldeak kantzelean jasoko du materiala hilaren 14tik 18ra bitartean. Besteak beste, oinetakoak, arropa, tabakoa eta turroia eraman ditzakete herritarrek.

Urtero bezala, Azkoitiko Parrokiko Espetxe Pastoraltza taldeak Martutene espetxean preso daudenentzako material bilketa hasi du. Abenduaren 14tik 18ra bitartean egingo dute material bilketa, 10:00etatik 12:00etara, Azkoitiko parrokiko Kantzelean.

Presoek "behar gehien" duten materialen zerrenda egin du Espetxe Pastoraltzak. Besteak beste, barruko arropa berria, hala nola mahuka motzeko kamisetak, galtzerdiak eta galtzontziloak eskatu dituzte. Txandalaren galtzak, kamisetak eta kirol jertseak ere eskatu dituzte gizon zein emakumeentzat. Horrez gain, 39 eta 43 neurri arteko bainuko oinetakoak, 39 eta 45 neurri arteko kirol oinetakoak, turroi biguna, tabako gorria zein metxeroak, 'A' motako zigiluak eta boligrafoak ere eskatu dituzte.