Azkoitia-Azpeitia ISBk ezin izan du asteburua borobildu etxean

Andoni Elduaien 2020ko abe. 9a, 09:37
Azkoitia-Azpeitia ISBko jokalariak, Azpeitian. (Argazkia: Mikel Amenabar)

Bi punturen aldeagatik galdu zuen Andoni Lazkanok zuzentzen duen taldeak sailkapeneko bigarrena Extremadurako taldearen aurka.

Cortegadaren aurka irabazita iritsi zen Azkoitia-Azpeitia ISB atzoko neurketara, baina ezin izan zuen asteburua borobildu Azpeitiko kiroldegian. Extremadura Miralvalle Plasencia taldearen aurka neurtu zituen indarrak Andoni Lazkanok zuzentzen duen taldeak, eta 58-60 galdu zuten. Crystal Primm izan zen etxekoen jokalaririk onena 18 puntu saskiratuta eta 20 puntuko balorazioa eskuratuta.

Lehen laurdenaren amaieran, bederatzi puntuko abantaila zuen ISBko nesken taldeak; hain zuzen ere 19 eta 10 erakusten zuen markagailuak lehen hamar minutuen ondoren. Bigarren laurdenean, ordea, bisitariak izan ziren nagusi kantxan, eta lehen laurdenen ISBk lortutako markagailua berdintzea lortu zuen. ISBk hamar puntu lortu zituen, eta Extremadura Miralvalle Plasenciak hemeretzi.

Atsedenaldira 29na iritsi ziren bi taldeak. Hirugarren laurdena ere bisitariek bereganatu zuten; zortzi puntuko abantailagatik galtzen joan ostean, 44 eta 47 amaitu zen hirugarren laurdena. Laugarren eta azken zatiak ere neurketa guztiaren antza izan zuen. Azken hamar minutu gogorrak jokatu zituzten, eta ISBk laurdena irabazi bazuen ere, ez zen nahikoa izan Extremadura Miralvalle Plasencia menderatzeko. Bi punturen aldeagatik garaipena Caceresera (Extremadura, Espainia) joan zen.

Asteburuan, Tenerifeko (Kanaria uharteak, Espainia) Vega Lagunera Adareva taldearen aurka jokatu beharko dute ISBko neskek. Sailkapenaren erdialdean kokatuta dago Azkoitia-Azpeitia ISBren hurrengo aurkaria.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide