Abian da XXIV. Erakusleiho Lehiaketa

Andoni Elduaien 2020ko abe. 7a, 11:56

Lehiaketan izena emateko azken eguna datorren ostirala izango da. Aurten sariak erosketak bonuetan banatuko dituzte udalak eta Herrixen elkarteak.

Azkoitiko Udaleko merkataritza sailak eta Herrixen merkatari elkarteak saltokien Erakusleiho Lehiaketa antolatu dute "kaleetan Gabon giroa sustatzeko" asmoz. Aurtengoa XXIV. edizioa izango da. Erakusleihoak abenduaren 10etik urtarrilaren 6ra arte egon beharko dute ikusgai, eta herritarrek beren iritzia emateko aukera ere izango dute, gustukoenaren aldeko botoa emanez. Botoa emateko kutxak udaletxeko Arreta Bulegoan eta Elkargunean jarriko dituzte, abenduaren 18ko eguerdira bitartean, egun horretan itxiko baitute bozketa.

Besteak beste, erakusleihoaren originaltasunari, modernitateari zein sormen lanari, produktuen aurkezpenari eta Gabon giroari nahiz argiztapenari emango diote balioa. Aurtengoan, epaimahaiak hiru sari banatuko ditu erosketa bonuetan; sariak, beraz ez dituzte eskudirutan banatuko. 350, 250 eta 150 euroko sariak izango dira. Herritarren saria, berriz, 150 euroko balioa duen erosketa bonua izango da. Herrixen elkarteak bere saria ere banatuko du, Facebook bidezko botoen artean nagusitzen den saltokiak otarra bat irabaziko du. Facebook bidez zein kutxetan botoa ematen duten herritarren artean, berriz, 50 euroko bonu bat zozketatuko du.

COVID-19aren eraginez, aurten ez da jende ugari bilduko duen sari banaketarik egingo. Hori dela eta, abenduaren 23an, epaimahaikideak irabazle suertatu diren saltokietara joango dira saria ematera.

Izen-ematea

Udaletxeko Herritarren Harrera Bulegoan, Herrixenen Bulegoan edo herrixen@hotmail.com posta elektronikoan eman ahalko da izena. Lehiaketan parte hartzeko, ezinbestekoa da izena ematea, eta horretarako azken eguna abenduaren 11a izango da; 15:30era arteko epea eman dute udalak eta Herrixenek.

Egun horretarako erakusleihoa prest izan beharko dute lehiaketako parte hartzaileek, eta erakusleihoaren argazki bat bidali beharko dute Herrixen Merkatari elkartearen herrixen@hotmail.com posta elektronikora, 608 31 30 24 telefono zenbakiaren Whatsappera edota Azkoitiko Udaleko Kultur saileko kontxi@azkoitia.eus posta elektronikora.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide