Altzibarren zaborra Urola Ibaira bota izana salatu eta neurriak hartzeko eskatu du Eguzkik

Maialen Etxaniz 2020ko abe. 5a, 17:14

Araudia "beti betetzen ez dela ikusita", aurrerantzean Azkoitiko Udalak kontrol-lanak egiteko eskatu du Eguzkik. Kasu honetan, honakoa eskatu dio udalari: "Enpresari eska diezaiotela bere zaborrak berehala jaso ditzala eta beharrezko babes-neurriak jar ditzala berriro gerta ez dadin, eta, hala ez bada, zigor-espedientea ireki diezaiotela".

Urolako Eguzki talde ekologistak jakitera eman duenez, "beste behin" zaborra isuri dute Urola Ibaira, eta hori gatzetsi dute Eguzkiko kideek: "Azkoitiko Altzibar auzoko 7. zenbakian fatxada birgaitzen ari dira, eta, beste behin ere Urola ibaian, ingurumenaren aurkako beste eraso bat salatu behar dugu". Talde ekologistak adierazi duenez, "ez da inolako babes-neurririk edo sarerik jarri, eta fatxadaren birgaitzean sortzen diren hondakinak langileek sortzen dituztenak kasu, ibaira iristen dira".

Hori dela eta, herrigunetik kanpoko obretan babes neurririk hartzen ez dela salatu du Eguzkik: "Egoerari pixka bat erreparatzen badiogu obrak gure kaleen ondoan egiten direnean, garbi mantentzeko eta gure burua babesteko neurriak hartzen dira. Baina obrak gure ibaien ondoan egiten direnean, horiek zabortegi bihurtzen dira, ez beti, baina bai nahiko maiz". Salaketa "askotan" egin dutela azpimarratu dute Eguzkiko kideek. "Altzibarrek berriro gogorarazi digu auzia: ibaiak sistematikoki erasotzen dira, horiek babesteko gauza gutxi edo ezer ez da egiten. Pilatutako hondakinak lehenbailehen jasotzen ez badira, urak eramango ditu, euriteak iragarri baitituzte", salatu du talde ekologistak.

Hori dela eta, eta araudia "beti betetzen ez dela ikusita", aurrerantzean Azkoitiko Udalak kontrol-lanak egin ditzan eskatu du Eguzkik, "ibai edo erreka baten ondoan edozein obra lizitatu ondoren". Kasu honetan, honakoa eskatu dio udalari: "Enpresari eska diezaiotela bere zaborrak berehala jaso ditzala eta beharrezko babes-neurriak jar ditzala berriro gerta ez dadin, eta, hala ez bada, zigor-espedientea ireki diezaiotela".

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide