Bidezko merkataritzako eskaerak 'online' egin daitezke

Andoni Elduaien 2020ko abe. 4a, 16:53

Dendarik jarriko ez dutenez, eskaerak 'online' egiteko aukera zabaldu du Azkoitiko parrokiak. Eskatutako produktuak abenduaren 19an Azkoitiko Kantzelean jaso beharko dira.

Aurten ez dute bidezko merkataritzako denda jarriko. Egungo osasun egoera kontuan hartuta, horrela jakinarazi du Azkoitiko Parrokiako taldeak. Hala eta guztiz ere, bidezko merkataritzako dendan salgai egon ohi ziren produktuak online erosteko aukera egongo da.

Azkoitiko parrokiaren webgunean egin beharko da eskaera. Erosketa egiten duten herritarrek mezu bat jasoko dute webgunean jarritako e-posta berdinean. Mezu horretan, erosketa zenbakia zein den zehaztuko dute, eta abenduaren 19an, 11:00etan, zenbakiarekin Kantzelera joan beharko da egindako eskaria jasotzera. Parrokiako taldeak jakinarazi du, ordainketa eskura egin beharko dela produktuak jasotzeko egunean.