Bulego taldeak kaleratu du bere bigarren lana, Ilun dagoen arren EPa. Hiru kantuz osatutako lana da eta "garai ilunetan argia eskaintzeko" sortu dutela adierazi du musika taldeak. Lan berri honekin, taldeak ziklo bat itxi nahi duela adierazi du: "Bulegoren lehen pausoak izan diren zikloa amaituko dugu, eta garbi izan hau hasi besterik ez dela egin".

Egungo egoera iluna izan arren, aurrera begira dago Bulego, taldeak nabarmendu duenez. "Hasieran bezalaxe, gure musikarekin alaitasuna zabaltzea nahi dugu. Egoera edozein izanda ere, dantzan eta ametsetan jarraitzeko asmoa daukagu. Geldiezinak gara zuek eta gu batera; hori da barrenean sentitzen duguna".  Haiek hiru kantu hauek sortzen "gozatu" duten adina gozatzeko opa diete taldearen jarraitzaileei.

Orain dela hilabete gutxi kaleratu zuen taldeak bere lehen lana, Bulego. Bigarren lan honetan, harekin alderatuta, ukitu elektronikoak agerikoagoak direla adierazi du taldeak: "Hasieratik jorratzen dugun euskarazko Poparen eboluzio bat bezala sentitzen dugu. Xehetasunak mimo handiz landu ditugu entzunaldi bakoitza kanta berri bat balitz bezala sentitu dezan entzule den horrek".
 
Azkoitian bi kontzertu, abenduaren 8an
 
Bulego musika taldeak lan berria aurkezteko bi kontzertu eskainiko ditu datorren asteartean, abenduaren 8an, Azkoitian, Baztartxon. Aurrena kontzertu bakarra egitekoak ziren herrian, baina sarrerak berehala agortu eta bigarren saio bat antolatu zuten. Lehenengo emanaldia 16:00etan izango da eta bigarrena 18:00etan (bigarrenerako sarrerak agortuta daude).