Anaitasunak Getaferen aurka jokatuko duen Errege Kopako partidak badu eguna

Andoni Elduaien 2020ko abe. 2a, 08:29

Abenduaren 17an, ostegunez, jokatuko dute 'gorrixek' Madrilgo futbol taldearen aurkako partida. 19:00etan hasiko da neurketa, eta ikusteko dago jarraitzaileek zelaira sartzea izango duten edo ez.

Anaitasunak Madrilgo Getafe CF taldearen aurka Txerloian jokatu behar duen Errege Kopako kanporaketa partidak baditu eguna eta ordua. Espainiako Futbol Federazioak jakinarazi duenez, Anaitasunaren eta Getaferen artekoa abenduaren 17an, osteguna, 19:00etan jokatuko da Txerloia futbol zelaian.

36 urteren ondoren ari da Anaitasuna Errege Kopan parte hartzen. Izan ere, 1980-81 denboraldian, Anaitasuna ere Hirugarren Mailako taldea zen, eta orduan ere Errege Kopa jokatu zuen. Eibarrek kanporatu zuen txapelketatik. Ipuruan bat eta huts galdu zuten gorrixek, eta huts eta hiru menderatu zituzten armaginek azkoitiarrak, Txerloian.

Errege Kopako hurrengo parte hartzea hiru denboraldi beranduago lortu zuen Anaitasunak. Aurten Errege Kopara sailkatzeko ibilbidean aurkari izan duen talde batekin egin zuten topo gainera azkoitiarrek 1983-84 denboraldian: Aurrera Ondarroa. Bi partidetara jokatu zuten kanporaketa hura, eta Txerloian bana berdindu zuten; Zumetak egin zuen Anaitasunaren gola. Ondarroan, ordea, bat eta bi nagusitu zen Azkoitiko futbol taldea, eta Errege Kopan aurrera egitea lortu zuen horrela.

Kanporaketa hura gaindituta, Errege Kopako bigarren kanporaketa jokatzeko sailkapena lortu zuen Anaitasunak, eta Espainiako Bigarren B Mailan ari zen Deportivo Alaves izan zuten aurkari. Txerloian huts eta bat galdu zuten gorrixek. Mendizorrotzan jokatutako itzulerako neurketan, berriz, Alik penaltiz egindako golari esker kanporaketa berdintzea lortu zuen Anaitasunak, baina gero zortzi gol jaso zituen taldeak. Abenduaren 17an, estreinakoz, Lehen Mailako talde baten aurka jokatuko du Anaitasunak.

 

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide