Azkoitian abiatuko da gizonezkoen aurtengo lau eta erdiko pilota txapelketa

Andoni Elduaien 2020ko abe. 1a, 13:43
IƱaki Artola. (Argazkia: Baiko pilota)

Larunbatean hiru pilota partida jokatuko dituzte Gurea pilotalekuan. Lehen bi partidak lehen mailako txapelketakoak izango dira, eta hirugarrena bigarren mailako txapelketakoa.

2020. urteko lau eta erdiko gizonezkoen pilota txapelketa Azkoitian hasiko da. Gaur aurkeztu dute pilota enpresek kaiolako txapelketa Bilboko Bizkaia pilotalekuan, eta han jakinarazi dutenez, Gurea pilotalekuak hartuko ditu aurtengo lau eta erdiko final zortzirenetako lehen bi partidak. Datorren zapatuan, abenduak 5, jokatuko dituzte partidak herrian. Lehen bi partidak lehen mailako txapelketakoak izango dira, baina hirugarren bat ere jokatuko dute; bigarren mailako txapelketako atariko neurketa izango da hori. 

Jaialdiko lehen neurketan, Iñaki Artola Jon Ander Peñaren aurka arituko da; Azkoitiko irabazleak Joseba Ezkurdia izango du zain final laurdenetan. Bigarren pilota partidan, berriz, Danel Elezkano eta Iraitz Zubizarreta nor baino nor gehiago arituko dira; irabazleak Jokin Altuna izango du aurkari final laurdenetan. Bi partida horiek lehen mailako lau eta erdiko final zortzirenetako partidak izango dira. Finala, abenduaren 27an jokatuko dute, Bilboko Bizkaia pilotalekuan. Hirugarren eta azken partida bat ere jokatuko dute, eta hori bigarren mailako lau eta erdiko txapelketaren atariko partida izango da. Javier Zabala Julen Salaberriaren aurka arituko da lau koadro eta erdian.

17:45ean hasiko da jaialdia Gurea pilotalekuan, eta Eusko Jaurlaritzak ezarritako neurri murriztaileengatik ezingo da jaialdia pilotalekuan bertatik bertara jarraitu. Hala eta guztiz ere, pilota partidak ETB1en bitartez jarraitu ahal izango dira zuzenean.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide