Kattuin errekera hainbat gurpil zahar bota dituztela salatu du udalak

Anartz Izagirre 2020ko abe. 1a, 10:36

Kattuin errekan topatutako gurpilak. (Azkoitiko Udala)

Udal brigadako langileek 36 gurpil zahar jaso dituzte Kattuin errekatik. Azkoitiko Udalak arau-hauste larritzat jo du gertatutakoa.

Udalak jakinarazi duenez, 36 gurpil aurkitu ditu brigadak Kattuin errekan, Azkarateko zubiaren azpian; udalak gogor salatu du gertatutakoa. Udaltzaingoaren arabera, "rallyetan erabilitako pneumatikoak" dira aurkitu dituztenak. Erakundeak arau-hauste larritzat jo du ekintza hori, eta gogorarazi du, Ingurugiroa Babesteko 3/98 Lege Orokorraren arabera, 300 eurotik 24.000 euro arteko isunak jar ditzaketela hondakinak halako lekuetan uzteagatik. Horrez gain, Aizpurutxon zaborra bota duten beste gune bat ere atzeman du udaltzaingoak.

Bestalde, udalak azaldu du abandonatutako txakurkume bat jaso zuela udaltzaingoak joan den astean Zabalotegi baserriaren ondoan. Erakundeak dio halako ekintzak ere arau-hauste larriak direla eta 15.000 euro arteko isuna ezar diezaioketela egileei.