Bueltan da 'K-Baret' antzerki musikatua

Julene Frantzesena 2020ko abe. 1a, 10:26

Abenduaren 13an, igandea, lan horren bi emanaldi eskainiko ditu Bigoterik Gabea antzerki taldeak Azpeitiko Soreasu antzokian. Taldeko kideek azaldu dutenez, koronabirusaren hedapena saihesteko ezarritako neurriak tarteko, itzulera ez da erraza izaten ari, baina agertokietara itzultzeko gogotsu daude.

Bigoterik Gabea antzerki taldeak K-Baret antzerki musikatuaren bi emanaldi eskainiko ditu abenduaren 13an, igandea, Azpeitiko Soreasu antzokian; 12:00etan eta 17:00etan –sarrerak honako lotura honetan eros daitezke–. Ez da lan hori herrian taularatuko duten lehen aldia izango, baina taldearen itzulerako lehen ikuskizunak izango dira. Izan ere, koronabirusaren pandemiak eraginda, atzeratu egin behar izan dute denboraldi berria. Taldeko kideek azaldu dutenez, etena egin badute ere, "inoiz ez joan izanaren" sentipena dute. "Dekretuak irakurtzera afizionatu gara hilabete hauetan, eta momentuko neurriei jarraituz aritu gara entseatzen".

Haien arabera, baina, ez da erraza izan bidea, askotan aldatu behar izan baitute protokoloz nahiz entseatzeko moduz. "Itzulera ez da erraza izaten ari". Martxoan zen Bigoterik Gabea denboraldi berriari ekitekoa Donostiako Viktoria Eugenia antzokian, baina emanaldi hura ere atzeratu egin behar izan zuten. Zortzi hilabete beranduago bada ere, agertokietara itzuliko da taldea, nahiz eta kulturari lotutako irizpideak ez daudela guztiz garbi aitortu duten taldekideek. "Herri bakoitza dekretuaren interprezio propioa egiten ari da, eta ondorioz, taldeok muga eta zalantza asko ditugu. Udalekin, Foru Aldundiarekin eta Eusko Jaurlaritzarekin jarri gara harremanetan, baina inork ez digu ezer argitu". Hori dela eta, "erantzunak topatu nahian alde batetik bestera" ibili direla azaldu dute: "Ez zaigu normala iruditzen herri batzuetan antzezten eta entseatzen uztea, eta beste batzuetan ez".

Entseatzeko arazoak izan ditu taldeak Azkoitian, eta bilerak seiko taldeetan eta bideodei bidez egin dituzte. Hala eta guztiz, berriz agertokietara itzultzeko prest dira: "Azken entseguak egin eta taula gainera igotzea besterik ez zaigu falta". Horretarako irrikaz daude taldekideak; izan ere, haiek esan dutenez, dagoeneko bitan gertatu zaie azken unean emanaldiak atzeratu behar izatea. "Oraingoan halakorik ez pasatzea espero dugu" Azken hilabeteetan egoerari buelta ematea izan dute xede taldekideek, eta duten grinak lagundu die aurrera egiten. "Taldeko giroa bezalakorik ez dago lana gustura egiteko. Egoera zailetara moldatu behar izan dugu, zoritxarrez, baina horrek beste zenbait arlo ukitzera eraman gaitu, zorionez".

Berriz ere K-Baret lanarekin itzuliko dira antzokietara, "asko landu eta goxatu" duten obrarekin. "Ordu asko eskaini dizkiogu, taula gainera eramandako lanaz harro egoteko. Mezu ugari ditu, eta ziur gaude ikusleari barrenak mugituko dizkiola; horixe da gure helburua". Antzerkia, kantak eta dantzak; hirurak uztartzen dituen lana da K-baret, eta Azpeitiko nahiz Azkoitiko hainbat gaztek hezurmamitzen dute lana. Bigoterik Gabea taldeko kideek azaldu duenez, elkarrengandik ikasiz hazi dira urte guztiotan, eta oso eskertuta daude "hainbeste maite" duten hori egiteko aukera emateaz.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide