Goenatxo III.ak bi final jokatuko ditu abenduan

Andoni Elduaien 2020ko abe. 1a, 09:00
Jon Unanue 'Goenatxo III.a' harri-jasotzailea, Labastidan. (Argazkia: Egursport)

Herenegun, igandea, lortu zuen 'Goenatxo III.a' harri-jasotzaileak Binakako Harri-Jasotze Txapelketako finalera sailkatzea; abenduaren 31n jokatuko dute finala, Asteasun. Abenduaren 19an, berriz, Euskal Herriko Harri Handien Txapelketan parte hartuko du azkoitiarrak.

Jon Unanue Goenatxo III.a harri-jasotzaile azkoitiarrak bi final jokatuko ditu hil honetan. Herenegun, Binakako Harri-Jasotze Txapelketako finalera sailkatzea lortu zuen azkoitiarrak. Hodei Iruretagoiena Izeta IV.a du bikotekide txapelketan azkoitiarrak, eta hark 100 kiloko harri zilindroa eta 100 kiloko bola hartu ditu bere gain. Goenatxo III.a, berriz, 175 kiloko harri laukizuzenarekin eta 138 kiloko harri kubikoarekin ari da txapelketan.

Labastidan (Araba) jokatutako azken jardunaldian Azpeitian jokatutako saioan egin zuen marka berdindu zuen azkoitiarrak. Bi minutuko lanetan, zazpi jasoaldi eman zizkion laukizuzenari eta hamar harri kubikoari. Bi saioetako puntuaketa hartu dute kontuan antolatzaileek, eta hori horrela, abenduaren 31n Asteasun (Gipuzkoa) jokatuko den finalera sailkatu dira azkoitiarra eta Izeta IV.a.

Finalean orain arteko lan berdina egin beharko dute, baina hiru minutuko txandetan. Jokin Eizmendik eta Gorka Etxeberriak osatutako bikotea eta Urdax Magunazelaiak eta Jon Irañetak osatutako bikotea izango dituzte aurkari finalean Goenatxo III.ak eta Izeta IV.ak. Ikusteko dago, ordea, antolatzaileek laugarren bikote bat finalera sartuko duten edo ez; horrela balitz, Mikel Lopetegi Urra-k eta Julen Diazek osatutako laugarren bikotea ere finalean izango da.

Aurretik, beste finala

Aurretik, ordea, Goenatxo III.ak beste final bat ere jokatuko du. Euskal Herriko Harri Handien Txapelketa jokatuko dute abenduaren 19an, Aian (Gipuzkoa), eta han izango da harri-jasotzaile azkoitiarra. Aurten, sei harri-jasotzailek eman dute izena Euskal Herriko Harri Handien Txapelketan parte hartzeko, eta ondorioz, ez dute aurrekanporaketarik jokatu. Aimar Irigoien, Aimar Galarraga, Jokin Eizmendi, Iñigo Eizagirre, Julen Diaz eta Jon Unanue Goenatxo III.a izango dira abenduaren 19ko sei protagonistak. Finalean, lau harri altxatu beharko dituzte: 200 kiloko errektangularra, 175 kiloko zilindroa, 150 kiloko kubikoa eta 125 kiloko bola altxatu beharko dituzte, bakoitza hiru minutuko txandetan.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide