Festa girorik eta usainik ez San Andres egunean

Andoni Elduaien 2020ko aza. 30a, 14:47

Herritar askok gaurko eguna jai duela kalean nabaritu den arren, ez da San Andres eguneko jai girorik izan alde zaharrean.

2020. urteko Azkoitiko San Andres egun hau behar bezala ospatu gabe igaroko da. Gaurkoan ez da festa soinurik eta usainik herrian. Baserritar jantziak armairuan gorde dituzte herritarrek, nahiz eta bakarren batek zapia eta txapela jantzi dituen urteroko usadioari jarraitu asmoz. Kalean ospatu beharrean, beste modu batera pasatuko dute azkoitiarrek gaurko eguna.

Kalean ez da dultzaineroen, txistularien eta trikitilarien doinurik entzun; txosnetako zalapartarik eta talo zein txorizo beroen usainik ere ez zegoen eguerdian. Gaztetxoenak, berriz, Txuri-Urdin elkarteak antolatutako marrazki lehiaketarik eta barrakarik gabe gelditu dira aurten, eta herri kirolariek ere atseden eguna izan dute aurtengoa. Plazaberrin eta Balda plazan egon ohi ziren dozenaka postutako arduradunak, berriz, salmentarik gabe gelditu dira gaurkoan. 

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide