Sei enpresa aurkeztu dira Floreagako lehen igogailua eraikitzeko lanen lizitaziora

Aitziber Arzallus 2020ko aza. 28a, 18:00

Floreaga-zahar jauregiaren sarreraren ondoan eraikiko dute igogailua, eta bi pasabide izango ditu: bata Zuazola kalera eta bestea Floreaga Ikastetxera. Lehenengo esku-hartzearen aurrekontua 750.000 eurokoa da, eta datorren urteko lehen hiruhilekoan lanak hastea aurreikusi du udalak.

Sei enpresa aurkeztu dira Floreagako lehendabiziko igogailua eraikitzeko lanen lizitaziora. Exekuzio proiektuan jasotakoaren arabera, Floreaga-zahar jauregiaren sarreraren ondoan eraikiko dute igogailua, eta bi pasabide izango ditu loturetarako: bata Zuazola kalera, eta bestea Floreaga Ikastetxera.

Lehenengo esku hartze horren aurrekontua 749.453,43 eurokoa da (BEZ barne), eta behin eraikitzeko lanak hasitakoan, sei hilabeteko epean bukatzea aurreikusten du udalak.

Enpresek azaroaren 10era arteko epea izan zuten euren proposamenak aurkezteko, eta udalak orain jakinarazi duenez, sei dira proposamenak aurkeztu dituzten enpresak. Udalak ohartarazi du lizitazio prozesuak "luzeak" izaten direla, baina "normaltasunez badoa" eta "alegaziorik zein bestelako eragozpenik" izaten ez bada, lanak 2021eko lehen hiruhilekoan hastea aurreikusten duela.

Floreaga auzoko irisgarritasuna hobetzeko lanak bost zatitan egiteko asmoa du udalak, eta horietatik lehenengoa da orain lizitazio prozesuan dagoena.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide