Agortu egin dira biharko bertso saiorako sarrerak

Anartz Izagirre 2020ko aza. 27a, 12:05

Elkargunean izango da saioa, 18:00etan hasita. Andoni Egaña, Maddalen Arzallus, Nerea Elustondo eta Beñat Lizaso ariko dira kantari, Ane Ezenarro gai-jartzailearen aginduetara.

Dagoeneko agortu dira biharko bertso saioko sarrera guztiak. Erniarraitz bertsozale elkarteak Bertso Urtie egitasmoa jarri du martxan, bailarako bertso mugimenduari bultzada emateko helburuarekin. Osasun krisiak mugimendu horri eman dion kolpea arindu nahi du horrela, izan ere, Bertsozale Elkarteak irailean plazaratutako datuen arabera, lehen egiten ziren saioen laurdena besterik ez dira egiten orain.

Bihar, zapatua, izango da lehen saioa Elkargunean, 18:00etan hasita, eta Andoni Egaña, Maddalen Arzallus, Nerea Elustondo eta Beñat Lizaso ariko dira kantari, Ane Ezenarro gai-jartzailearen aginduetara. Bigarren saioa, berriz, abenduaren 20an izango da Azpeitiko Soreasu antzokian, 18:00etan hasita. Urtero egin ohi duten Txapelen omenezko saioa izango da; Maialen Lujanbio, Amets Arzallus, Andoni Egaña, Jone Uria, Eli Pagola eta Jokin Uranga bertsolariek parte hartuko dute, eta Maddi Labaka ariko da gai-jartzaile lanetan.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide