Emakumeenganako indarkeria salatzeko, hitzaldia eta elkarretaratzeak egingo dituzte bihar Azkoitian

Maialen Etxaniz 2020ko aza. 24a, 20:54

Azkoitiko IAk deituta, 11:00etan elkarretaratzea egingo dute Azkoitia BHIko patioan, Bizitza biolentoen aurrean, ikasle antolakuntza! lelopean. Ondoren, 11:30ean Genero problematika hezkuntzan hitzaldia eskainiko dute IAko kideek. Arratsaldean jarraituko dute deialdiek. Sostenipe asanblada feministak deituta, indarkeria matxistaren kontrako elkarretaratzea izango da plazan, 19:00etan hasita.  

Emakumeenganako Indarkeriaren Kontrako Nazioarteko Eguna da bihar, azaroak 25, eta beste urte batez hainbat ekitaldi antolatu dituzte Azkoitian indarkeria matxistaren aurkako egunerako.

Azkoitiko Ikasle Abertzaleek (IA) antolatuta, hitzaldia eta elkarretaratzea izango dira bihar goizean zehar. Azkoitia BHIko patioan elkarretaratzea egingo dute 11:00etan hasita Bizitza biolentoen aurrean, ikasle antolakuntza! lelopean. Horren ostean, 11:30 aldera, Genero problematika hezkuntzan solasaldia eskainiko dute IAko kideek.  

Arratsaldean jarraituko dute Emakumeenganako Indarkeriaren Kontrako Egunerako antolatutako hitzorduek. Urtero bezala,  Sostenipe asanblada feministak elkarretaratzea deitu du emakumeenganako indarkeria salatzeko, eta 19:00etan jarri dute hitzordua Azkoitiko plazan. Azkoitiko asanblada feministako kideek herritarrak elkarretaratzean parte hartzera animatu dituzte, eta kontzentraziora beltzez jantzita joateko deia egin dute.