'Malen Etxea Zaintzaren Esklabo' dokumentala aurkeztuko dute ostegunean, Kultur Etxean

Andoni Elduaien 2020ko aza. 24a, 13:04
Eskumuturrekoak banatu dituzte eskoletan. (Argazkia: udala)

Ostegunean aurkeztuko dute dokumentala, Kultur Etxean, eta zuzendariarekin solasaldia egiteko aukera eskaini dute. Era berean, udalak indarkeriaren aurkako mezua zabaltzeko eskumuturrekoak banatu ditu herriko eskoletan.

Azaroaren 25ean, Emakumeen Kontrako Indarkeriaren Aurkako Nazioarteko Egunaren bueltan Udalak antolatu dituen jardueren baitan, ostegunean, azaroaren 26an, Malen Etxea Zaintzaren Esklabo dokumentala aurkeztuko dute. Kultur Etxean izango da emanaldia 18:30ean. Maitane Subijanak zuzendu du filma, eta lau emakume etorkinek zaintza lanetan jasandako "zapalkuntzak" salatzen ditu dokumentalak.

Dokumentalak lau emakumeren bizi esperientzia "krudela" kontatzen du. Ikus-entzunezkoak 15 minutuko iraupena du eta ondoren solasaldia izango da obraren zuzendari getariarraren eta bertaratzen direnen artean. Halaber, aurrera doaz Malen Etxea Elkartea, Azkoitiko Udalarekin lankidetzan, igandeetan ematen ari diren tailerrak. Lan munduarekin lotuta, autoestimua eta autonomia pertsonala lantzeko saioak ari dira egiten.

Eskumuturrekoak

Emakumeen Kontrako Indarkeriaren Aurkako Nazioarteko Eguna dela eta, udaleko Berdintasun sailak indarkeriaren kontrako eskumuturrekoak banatu ditu herriko eskoletan, Floreaga Ikastetxean, Xabier Munibe Ikastolan, Azkoitia BHI-n, Bizilore Eskola Aktiboan eta Izarraitz Lanbide Heziketan. Hezkidetza foroan sortu zen ideia, eskolen, kale hezitzaileen, Gazteria Zerbitzuaren eta Berdintasun sailaren artean.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide