Euskaraldia 2020

Hasi da Euskaraldiaren bigarren edizioa

Ihintza Elustondo 2020ko aza. 20a, 09:13

Gaurtik abenduaren 4ra bitartean egingo da Euskaraldia .Euskaldunen hizkuntza ohiturak eraldatzea eta euskararen erabilera handitzea dira helburuak. Azkoitian 1.787 herritarrek eman dute izena atzo iluntzera arte. Asteartean, azaroak 24, itxiko dute izen-ematea.

Gaur hasi da Euskaraldia, euskaldunen hizkuntza ohiturak eraldatzea helburu duen egitasmoa. Gaurtik abenduaren 4ra bitartean egingo da ariketa soziala, eta egun horietan zehar, egitasmoarekin bat egiten dutenak euskararen alde apustu egiten saiatuko dira. Hau da, euskara ulertzen duten guztiak beren egunerokoan euskarari leku gehiago egiten eta horretaz kontzientzia hartzen ahaleginduko dira. Helburua bat eta bakarra da: euskararen erabilera handitzea.

Euskara ulertzen duten guztiak daude deituta Euskaraldian parte hartzera, eta horiek hilaren 24ra bitartean eman dezakete izena. Sarean, euskaraldia.eus webgunean eman daiteke izena, eta telefono mugikorretarako (Android zein IOS sistemadun gailuetarako) sortu den aplikazio berriaren bidez ere bai. Gainera, tokian tokian ere jarriko dituzte Euskaraldian izena emateko edota txapak jasotzeko postuak egunotan.

Aurten, bi aukera daude parte hartzeko. Batetik, norbanako bezala eman daiteke izena, ahobizi edo belarriprest rola aukeratuta. Ahobiziek euskaraz ulertzen duten guztiekin euskaraz egingo dute, eta ondokoak euskaraz ulertzen ote duten ez dakitenean lehen hitza, beti, euskaraz egingo dute. Belarriprestek, berriz, nahi eta ahal beste egin dezakete euskaraz, eta besteek euskaraz egin diezaieten eskatuko dute. Bestetik, taldean parte hartzeko aukera ere izango da aurten, ariguneen bidez. Euskaraz lasai aritzeko guneak dira ariguneak, eta entitateen barruan (barne ariguneak) edo entitateek herritarrekin duten harremanean (kanpo ariguneak) sor daitezke.

Urola Kosta inguru euskalduna izanagatik, eskualdean ere badago zer hobetua, eta, beraz, antolatzaileek herritarrak animatu dituzte Euskaraldian izena ematera eta hizkuntza ohituretan aldaketak egitera. Azkoitian, esaterako, 1.787 lagunek eman zuten izena atzora arte, 153 belarriprest bezala, eta 1.634 ahobizi rolean. Gainera, herriko 31 entitatek parte hartuko dute arigune bezala aurtengo Euskaraldian.

Azken Euskaraldia

Duela bi urte egin zuten Euskaraldiaren lehen ekinaldia, eta sustatzaileen arabera, handiak izan ziren edizio hartako lorpenak: 225.154 lagunek eman zuten izena, Euskal Herriko erakunde nagusien babesa izan zuen egitasmoak, eta, esperientzia amaitu ostean, euskararen erabilera 5,6 puntu handiagoa izan zen parte hartzaileen artean. Antolatzaileek ontzat jo zuten ariketa soziala amaieran, eta hizkuntzaren normalizazioan "bide erakusle izan zitekeela" zehaztu zuten.

Aurtengo Euskaraldia berezia izango da, nolanahi ere. Osasun larrialdiak eraginda, herritar guztiek mugatuta dute mugikortasuna, eta horietako asko lehen baino gutxiago ateratzen dira etxetik. Beraz, duela bi urteko edizioan baino jende gutxiagorekin egingo dute hizketan herritarrek, eta horrek eragin zuzena izango du ariketa sozialean. Dena dela, jende gehiagorekin edo gutxiagorekin egon, elkarrizketa guztietan euskara txertatzeko ahalegina eginez gero, ziur lorpenak handiak izango direla, duela bi urte bezalaxe.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide