Euskaraldia 2020

"Gaur arnasgune duguna, bihar zainketa berezien unitatean aurkitu liteke ereintzeari uzten badiogu"

Maxixatzen.eus 2020ko aza. 23a, 11:00
Imanol Amiano.

Imanol Amiano (Azkoitia, 1969) Euskaraldiaren bigarren edizioaren Azpeitiko koordinatzailea da. Bigarren Euskaraldiaren helburuak eta gakoak izan ditu hizpide elkarrizketa honetan.

Zer sentsaziio dituzu aurtengo Euskaraldiari begira?

Konturatzerako, hemen dugu Euskaraldia, bai, eta sentsazioa xelebrea da: ilusioa, urduritasuna, eta, bizi dugun egoeraren aurrean, kezka nahasten zaizkit. Izan ere, kale-ekimenez betetako parte-hartze festa izan behar zuena, erabat baldintzatuta egongo da.

Zein da Euskaraldiaren aurtengo asmoa edo helburu nagusia?

Euskaraldiaren helburu nagusia euskararen erabilera sustatzea da, dakitenek ahalik eta esparru eta une gehienetan erabil dezatela, eta, era berean, ulertzen dutenek beraiei euskaraz egin diezaiekegula adieraztea; ñabardurak ñabardura, horiek dira, hain zuzen ere, ahobizi eta belarriprest rolak. Aurtengo xede nagusia da erabilera esparruan koska bat gora egitea. Norbanakoez gain, mota guztietako entitateetara zabaltzea: enpresa, denda, taberna eta kirol zein kultur arloko taldeetara.

Berritasuna hor dago, beraz.

Euskaldunok konplexuz betetako hizkuntz jarrerak dauzkagu. Lehendabiziko edizioak, neurri batean behintzat, hainbat aurreriritzi astintzeko balio izan zuen; esate baterako, aurreneko hitza euskaraz egiteko. Hizkuntz ohitura berriak lan-mundura eta aisialdira hedatzeko ahalegina da aurtengoa. Badakizu, gehiago, gehiagorekin, gehiagotan.

Arigunea kontzeptua zehatzago azaltzerik bai?

Arigune kontzeptuak "euskaraz lasai aritzeko gunea" esan nahi du, bai entitate barruan, bai herritarrek entitatearekiko duten harremanetan. Demagun enpresa bateko sail batean bilera dagoela: erdaraz hitz egin arren euskaraz ulertzen duten langileak ez daitezela bilera euskaraz egiteko oztopo izan. Hori da arigunea, ohikoena bilera erdaraz egitea baita. Edota denda edo taberna batera joan eta arazorik gabe euskaraz eskatzea. Erdaraz aritzeko ohitura horiek astintzeko asmoz sortu dira ariguneak.

Arigune bezala izena eman duten enpresetako langileek eman al dezakete izena belarriprest edo ahobizi gisa?

Eman beharra dute. Ariguneetan parte hartzeko oniritzia ematen dutenean, belarriprest edo ahobizi rola bereganatzen dute, baina norbanako gisa ez dira inon ageri. Horretarako, noski, izena eman beharra daukate.

COVID-19aren eragina zertan ari da nabaritzen gehien Euskaraldia?

Martxoan hasi behar genuen entitateekin lanketak egiten, enpresetara joaten, bilerak eta hitzaldietarako deialdiak egiten... eta erdiz erdi jo gintuen pandemiak. Dena bertan behera geratu zen, eta, harrezkero, ezin izan dugu nahi genuen bezala lan egin.

Etxealditik Euskaraldira ekimena ere egin zen. Zer moduz joan zen?

Saiakera polita izan zen, saiatu ginen sare sozialen bidez herritarrek parte har zezaten, baina iruditzen zait denok beste lehentasun batzuk genituela. Denda itxita edo konfinamendua amaitutakoan zure lanpostua zain izango duzun ez dakizunean, beste guztia gutxi axola zaizu. Beharbada, itxialdia gauzatu aurretik Euskaraldiaren inguruko dinamikak gauzatzeko aukera izan bagenu, proposatutako ekimenek oihartzun handiagoa izango zuten. Hala ere, kolorezko puntu batzuk ikus daitezke oraindik ere hainbat leiho eta balkoitan.

Izen-emate datuetan izan al du eraginik? Nola doaz datuak, duela bi urtekoekin alderatuz?

Izango zuen, dudarik gabe. Baina Euskaraldia ikusarazteko, jendearengana iristeko ditugun arazoak kontuan hartuta, izen-ematea martxa onean doala esango nuke. Duela bi urte 2.800 pasa izan genituen Azpeitian; ea orduko marka botatzen dugun asteartea bitartean.

Horrelako egoera batean, zer garrantzia du komunikazioak?

Ezinbestekoa. Prentsak, ikus-entzunezko komunikabideek eta sare sozialek aurrez aurreko harremanak ez dituzte ordezkatuko, baina herritarren gehiengoarengana iristea ahalbidetzen dute.

Taldeen eta egituren lana ere nabarmentzekoa da. Nola baloratzen duzu horien lana?

Udalaren babesa eta ekimena ezinbestekoa izan da, are gehiago bizi dugun egoera kontuan hartzen badugu. Herriko Bertan merkatari elkartetik jaso dugun inplikazioa ere azpimarratu nahi dut, eta, dudarik gabe, edozertan laguntzeko prest dagoen boluntario multzo hori gabe ezinezkoa litzateke, inondik inora, lortu dugun moduan, 200 entitatek izena ematea.

Urola Kosta da Euskal Herriko eskualderik euskaldunenetakoa. Zer eman diezaioke Euskaraldiak eskualdeari, eta alderantziz, eskualdeak Euskaraldiari?

Egia da egitasmoaren fokua beste zonalde batzuetan ipintzen dela, eta normala da; ez alferrik, Azpeitian, esaterako, %80tik gorako erabilera dugu, eta iruditzen zaigu egitasmo honek gurean ez duela ibilbide gehiegirik, gehiengo erdalduna edo erdaldun kopuru handia duten guneei begira pentsatuta dagoela. Ereintzeari uzten badiogu, ordea, laster iraul litezke datuak, eta gaur arnasgune duguna, bihar zainketa berezien unitatean aurkitu genezake, hodia jarrita. Bestalde, gure eskualdea eredutzat har litekeelakoan nago. Normaltasun osoz, natural euskaraz egin litekeela irudikatzeko, eta jarrera berriak erdarak nagusi diren lurraldeetara esportzatzeko.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide