Binakako 50. Erremonte Txapelketan parte hartuko du Larrañagak

Nerea Uranga 2020ko aza. 19a, 11:47
Binakako 50. Erremonte Txapelketaren aurkezpena atzo. (Argazkia: Oriamendi)

Urrezko edizioa beteko du Binakako Erremonte Txapelketak, pandemiak baldintzatuta. Txapelketa Hernaniko (Gipuzkoa) Galarreta pilotalekuan jokatuko da eta larunbatean, azaroaren 21ean, hasiko da. Hamar erremontistak parte hartuko dute, bost bikotetan banatuta. Tartean, Larrañaga azkoitiarra ariko da lehian, Juanenea bikotekide duela.

Atzo, asteazkena, aurkeztu zuten Hernaniko Orona-Ideoren egoitzan Binakako 50. Erremonte Txapelketa. Aurtengo edizioa bi arrazoirengatik berezia izango dela nabarmendu du txapelketaren antolatzailea den Oriamendi enpresak: "Aurreneko arrazoia, zalantzarik gabe, mundu mailako osasun krisia da; horrek erremontea ere baldintzatu egiten baitu, beste edozein ekitaldi bezala. Bigarren arrazoia da aurten txapelketak 50. edizioa ospatzen duela da, beraz, urezko ezteiak betetzen ditu". Bi arrazoi horiek kontuan hartuta prestatu du aurtengo txapelketa Oriamendik, "kirolaren eta osasunaren arteko oreka bilatu nahi izan dugu txapelketa prestatzeko orduan".

Txapelketa Hernaniko Galarreta pilotalekuan jokatuko da larunbatean, azaroaren 21ean, hasita. Finala, berriz, 2021eko urtarrilaren 2an jokatuko da. Bost bikotek jokatuko dute txapelketa eta denak denen aurka neurtuko dira. Txapelketan parte hartuko duen erremontistetako bat da Larrañaga azkoitiarra; Juanenearekin osatuko du bikotea. Txapelketan ariko diren gainontzeko lau bikoteak dira: Urriza-Labaka, Ansa II.a-Aizpuru III.a, Goikoetxea V.a-Endika eta Segurola-Barrenetxea IV.a dira.

Larunbatean jokatuko diren partidetako batean ariko da erremontista azkoitiarra. Lehenengo partidan, Urrizak eta Labakak Juanenearen eta Larrañagaren kontra jokatuko dute. Bigarrenean, berriz, Segurolak eta Barrenetxea IV.ak Goikoetxea V.aren eta Endikaren aurka neurtuko dituzte indarrak.

Puntuazioa ohikoa izango dute txapelketan: lau puntu partida irabazteagatik, bi puntu 36-39 tantoren artean eginez gero, puntu bat 32-35 tantoren artean eginez gero, punturik ez 26-31 tantoren artean eginez gero, eta puntu bat kenduko da 25 tanto edo gutxiago eginez gero.

COVID-19aren eraginez ez dute txapelketaren partidarik atzeratuko antolatzaileek. Lau bikote sailkatuek abenduaren 26an neurtuko dituzte indarrak bi finalaurrekoetan. Partida batean, ligaxkako lehen bikoteak laugarren bikotearen aurka jokatuko du, eta beste neurketan bigarrenak hirugarrenaren kontra. Finalaurrekoetako bi bikote irabazleek jokatuko dute txapelketaren finala, 2021eko urtarrilaren 2an.

Iaz Binakako Erremonte Txapelketako txapelduna izan zen Larrañaga, Urrizarekin bikotea osatuta. Matxin III.aren eta Barrrenetxea IV.aren aurka irabazi zuten finala.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide