Abenduaren 13ra atzeratu dute Sherpa.ai Aizkolari Txapelketa Nagusiko finala

Ihintza Elustondo 2020ko aza. 19a, 10:52
Julen Alberdi 'Txikia IV.'a aizkolaria. (Argazkia: Ibon Errazu)

Azaroaren 29an ziren finala jokatzekoak, baina konfinamendu perimetrala tarteko, aizkolarien txapelketako hitzordua atzeratzea erabaki dute. Julen Alberdi Txikia IV.a azkoitiarra lehiatuko da finalean, besteak beste. 

Azaroaren 29an ziren Sherpa.ai Aizkolari Txapelketa Nagusia jokatzekoak, baina antolatzaileek hitzordu hori atzeratzea erabaki dute, COVID-19 gaitzak eragindako pandemiaren ondorioz gizarteak bizi duen konfinamendu perimetrala dela eta. Izan ere, ikusleekin jokatu nahi dute finala antolatzaileek, eta gaur-gaurkoz, ezingo lukete inguruko herrietako ikusleek bertaratu. 

Hori dela eta, abenduaren 13ra –igandea– atzeratu dute finala. Aurreikusita bezala, Bilboko Arenan jokatuko dute, 12:00etan hasita, eta bertan izango da Julen Alberdi Txikia IV.a aizkolari azkoitiarra. Horrez gainera lehiatuko dira Mikel Larrañaga, Eneko Otaño, Iker Vicente, Aitzol Atutxa eta Jon Irazu.

Aizkolariek beraiek antolatutako txapelketa da Sherpa.ai; izan ere, Euskal Herriko Herri Kirol Federazioak antolatu ohi zuen txapelketa kirolariek beraiek antolatzea erabaki zuten, bi aldeen artean zeuden desadostasunenak tarteko. Zestoan jokatu zuten kanporaketa, joan zen hilean.

Lotura honetan eros daitezke finalerako sarrerak.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide